Elorrioko Udalak 1.830.177 euroko aurrekontua bideratuko du San Pio kaleko urbanizazio lanak egiteko. Obrak astelehen honetan hasiko dira, urriaren 27an, eta udalerriko eta alde zaharreko sarrera nagusia eraldatuko du.
Obrak 12 hilabeteko iraupena izango du eta helburu nagusia da irisgarritasuna, segurtasuna eta oinezkoentzako lehentasuna bermatzea, gaur egun trafiko handia duen kale batean. “San Pio kalea herriko arteri nagusietakoa da, eta egoera fisiko txarrean dago: espaloiak estuak dira, irisgarritasuna ez dago bermatuta eta trafikoaren bolumena handia da. Proiektu honekin egoera hori guztia iraultzea eta herritarrentzat kale atseginagoa sortzea nahi dugu.” azaldu dute udal arduradunek.
Lanek hoditeria eta instalazio guztiak berritzea ekarriko dute; ur-sarea, saneamendua, hornidura eta bestelako azpiegitura-sareen berrikuntza osoa, baita espaloi, zoladura eta argiteria publikoa berritzea ere. Proiektuaren diseinuan, eremu berde txikiak eta hiri-altzari berriak sartuko dira, eta kalea norabide bakarrekoa izango da, Arrasaterako norabidean. Horri esker, trafikoa arinduko da eta oinezkoen segurtasuna eta lasaitasuna lehenetsiko dira.
Udalaren arabera, “San Pio kalearen berrurbanizazioak herrigunearen eta auzoen arteko lotura hobetuko du, eta eredu berri bat ezarriko du, oinezkoentzako eta bizikletarako hiri erosoago baten alde”.Lanek irauten duten bitartean, kalea itxita egongo da ibilgailuentzat, baina bizilagunek garajeetarako sarbidea izango dute, eta auzotarrek oinez sartu ahal izango dute beren etxebizitzetara. Bestalde, autobus geltokia Labakua kalean kokatuko da, eta Kurutziagakoa geltokiak ez du aldaketarik izango.
Udalak aitortu duenez, obra hau luzea eta konplexua izango da, eta eragozpenak sortuko ditu bai bizilagunentzat, bai ibilgailuentzat. Horregatik, herritarren ulermena eta pazientzia eskatu ditu: “Badakigu lanek egunerokoan eragina izango dutela, baina amaitutakoan Elorriok irisgarriagoa, seguruagoa eta erosoagoa izango duen sarrera izango du.”
San Pio kalearen berritze integrala “Danona 2023-2027” legegintzaldi honetarako Gobernu-planean jasotako ekintzetako bat da.