Aurreko edizioek izandako harrera bikaina kontuan izanda, Mungiako Udalak azaroan hasiko du Guraso Eskolaren edizio berri bat, bederatzigarrena izango dena. Aurrekoetan bezala, indarrak batu ditu Adizioen prebentzio zerbitzuarekin.
Gurasoei beren hezkuntza-lanean laguntzeko sortutako proiektuak hazierarekin lotutako zalantzak argitzeko eta kezkak partekatzeko gune bat eskaintzen du. Aurreko edizioetako balorazioa oso positiboa izan da, eta horietako bakoitzean batez beste 50 familiak parte hartu dute.
"Familiei konfiantzazko espazio bat eskaintzen jarraitu nahi diegu, hezteko erronkan entzunak eta lagunduak senti daitezen. Ekimenak izan duen harrera onak erakusten du Mungian benetako konpromisoa dagoela haurren hezkuntzarekin eta ongizatearekin", nabarmendu du Alaitz Erkoreka Baraiazarra Mungiako alkateak.
Familiek egunero aurre egin behar dieten alderdiak landuko dira, adimen emozionala bereziki azpimarratuz. Besteak beste, honako hauek landuko dira: arauak eta mugak, egoera zailak nola kudeatu, autoestimua nola sustatu, familian komunikazio egokia izateko jarraibideak, jolasa, osasun mentala, hezkidetza, Interneten erabileraren kudeaketa, pantailak eta sare sozialak, hezkuntza afektibo-sexuala, kontsumoak eta adikzioak...
Bi modulu eskainiko dira seme-alaben adinaren arabera: lehenengoa, 6 eta 12 urte bitartekoa, eta bigarrena, 12 eta 16 urte bitartekoa. Lehenengo moduluak 3 bloke tematiko ditu, eta horietako bakoitzak bi saio izango ditu. Bigarren modulua bi saioko 5 bloketan garatuko da. Ez da nahitaezkoa modulu oso batean parte hartzea; bloke solteetan apuntatu daiteke. Tailerrak haurtzaroan eta nerabezaroan espezializatutako psikologoek eskaintzen dituzte.
Interesatuek doan eman dezakete izena azaroaren 3a baino lehen gizartekintza@mungia.eus helbide elektronikoaren edo 94 655 87 14 telefonoaren bidez.
Plazak mugatuak dira eta lehentasuna izango dute Mungian eta Mungialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten gainerako udalerrietan erroldatutakoek (Arrieta, Bakio, Gamiz-Fika, Laukiz eta Meñaka). Plaza erabilgarririk egonez gero, beste udalerri batzuetako pertsonek eman ahal izango dute izena.