Datorren astelehenetik, hilak 13, eta azaroaren 10era arte, Getxoko familiek Udalak aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideak aurkeztu ahal izango dituzte, neurri batean, 2025-2026 ikasturtean eskolatutako seme-alaben Hezkuntzako gastu orokorrak ordaintzeko, Haur Hezkuntzako bigarren ziklotik (hiru urte) DBHko mailara arte (barne). Aurten 157.500 euro erabiliko dira dirulaguntza horietarako. Familia bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 400 eurokoa izango da.

Eskabideak, ahal dela, Administrazio Elektronikorako Bulegoaren (OAE) bidez aurkeztu beharko dira, www.getxo.eus orrian. Ezinezkoa den kasuetan, Herritarren Arretarako Bulegoetan eta legeak aurreikusitako edozein lekutan formalizatu ahal izango dira.

Mihaela Jilavu Hezkuntza zinegotziak adierazi duenez, "laguntza hauek Getxoko Udalak familiekin eta guztiontzako hezkuntza eskuragarriarekin duen konpromisoaren erakusgarri dira, aukera-berdintasuna egoera ekonomikoaren menpe ez dagoela bermatzeko borondatea islatzen dutelako. Horrela, gehien behar dutenentzako zuzeneko laguntza indartzen dugu, eta hezkuntza Getxoko haurren garapen pertsonalerako funtsezko zutabea dela aitortzen dugu ".

Baldintzak

Onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: familia-unitateko pertsona guztiek Getxoko udalerrian erroldatuta egon beharko dute etenik gabe 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, familia-unitateko pertsona guztiek helbide berean erroldatuta egon beharko dute, haur Hezkuntzako bigarren ziklotik (hiru urte) DBHko mailara bitarteko seme-alabak izan beharko dituzte eskolatuta, beren seme-alaben eskolatze egokia bermatzeko konpromisoa adierazi beharko dute, eta, horretarako, irakasleek, ikastetxeetako organoek eta hezkuntza-administrazioek egiten dizkieten eskakizunak bete beharko dituzte, familia-unitateko kide guztiek egunean izan beharko dituzte Getxoko Udalarekiko, Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak eta ez dute baliabide ekonomiko nahikorik izango. 2024. urtean, familia-unitatearen urteko diru-sarrera gordin guztiak ezin izango dira 63.504 eurotik gorakoak izan (1.134 €, 2024. urteko lanbide arteko gutxieneko soldataren hileko zenbatekoa). Gehienezko muga hori familia-unitateko kide-kopuruaren arabera haztatuko da.