Síguenos en redes sociales:

Bermeoko San Migel auzoa, iraila modurik onenean agurtzeko prest

Irailaren 26tik 30era ospatuko dira jaiak

Ostiral honetan, irailaren 26an, hasiera emango zaie Bermeoko San Migel auzoko jai herrikoiei. Hala, irailaren 30era arte, auzoko kaleak musikaz, kirolaz, gastronomiaz eta giro bikainaz beteko dira, iraila modurik onenean agurtzeko.

Mikeltarrak Jai batzordeak antolatutako jai hauek ezinbesteko hitzordua dira auzotarrentzat eta bisitarientzat, tradizioa eta dibertsioa uztartuz, eta adin guztietarako jarduera ugari eskainiz. 

Irailaren 26an, ostiralean, jaiak mus txapelketarekin abiatuko dira. 20:00etan izango da izen-ematea eta ordu erdi beranduago hasiko da. Barikukoa izango da motorrak berotzeko gaua. 

Irailaren 27rako, larunbaterako, egun osoko egitaraua antolatu dute:

  • 08:30. Bizikleta ibilbidea Taraskatik.
  • 11:30. Familia ibilaldia San Migelera, Taraskatik (eguraldia lagun bada).
  • 13:00. Tortilla lehiaketarako izen-ematea
  • 13:30. Mariatxien emanaldia.
  • 16:30. Haurrentzako jolasak, dantza gunea eta mahai-jokoak.
  • 19:00. Txakolin dastaketa elizpean (10 €). Izen-ematea: 686 58 96 01.
  • 20:00. AIAMA Quarteten kontzertua.
  • 23:00. Unholy Covers taldearen kontzertua.

Irailaren 28an, igandean, musikak hartuko du protagonismoa, aita-semeak trikitixa saioarekin, 12:30ean. Ondoren, auzotarren bazkari herrikoia egingo dute, auzokideen artean mahaiaren inguruan hizketaldiak partekatzeko une ezin hobea. 

Azkenik, irailaren 29an eta 30ean, astelehenean eta asteartean, jaiaren alde erlijiosoari eskainiko zaio tokia; mezak egongo dira, 12:00etan, San Migeleko elizan. Mezen ostean, astelehenean, hamaiketakoa eskainiko da, eta martitzenean, berriz, kinitoa eta pastak egongo dira jaiei amaiera emateko. 

Bost egun izango dira musikaz, jolasez, tradizioz eta auzotarren arteko topaketez beteta, oraingoan San Migel jaigune bihurtuz. Mikeltarrak Jai Batzordeak eta Bermeoko Udalak herritarrak gonbidatzen dituzte jaietako ekitaldietan parte hartzera.