Abadiñoko Udalak 358.485 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Astolako udal igerilekuetako arazketa sistema berritzeko. Lan horiek astelehen honetan hasiko dira, irailaren 8an.
Udalak araztegiak osorik berritu nahi ditu, ekipamenduak hobeto antolatzeko eta modernizatzeko. Era berean, zaharkitutako makineria ordezkatzearekin batera, eraginkortasun energetikoa hobetu nahi da.
Lanek irauten duten epe horretan, igerilekuak lau astez egon beharko dira itxita, irailaren 8tik urriaren 5era arte, hain zuzen ere. Azken urteotan, udaberrian egin izan da igerilekuen mantentze-lanak egiteko instalazioen urteko geldialdi teknikoa. Aurten, baina, geldialdi teknikoa obrek irauten duten bitartean egitea erabaki da, erabiltzaileei ahalik eta gutxien eragiteko asmoz.
Ondorioz, gimnasioa ere aste batez itxi beharko dute, irailaren 15etik 21era. Tarte horretan, erabiltzaileek Kirol Txartela Mugiment erabili ahal izango dute inguruko herrietako instalazioak erabili ahal izateko.
Kiroldegiko ikastaroetan izena emateko epea zabalik
Datorren urriaren 1ean hasiko dira 2025-2026 ikasturteko ikastaroak Astolako kiroldegian, eta horietan izena emateko epea zabalik dago dagoeneko. Igerilekuko obren eraginez, uretako jardueretako ikastaroak beranduago hasiko dira; urriaren 6ko astean, hain zuzen ere.
Bestetik, Udalak gogorarazten du Galizia plazako ur txorrotak irailaren 15era arte egongo direla martxan. Datorren udan irekiko dira berriro.
Edozein zalantza izanez gero, deitu 944 029 425 telefono zenbakira.