Tokiko merkataritza sustatu nahian, Ermuko Udalak eskola-materiala erosteagatiko dirulaguntzen deialdi berri bat jarriko du martxan hastear dagoen 2025-2026 ikasturteari begira. Ekimen hau martxan jartzen duen seigarren urtea izango da.

Irailaren 1etik urriaren 31ra bitartean Ermuko dendetan egindako erosketengatik jaso ahalko da dirulaguntza, eta gehienez ere 90 eurokoa izango da ikasle bakoitzeko. Arropa, oinetakoak, kirol materiala, material informatikoa, betaurrekoak eta lentillak eta ikasturteko beste materialak (testu liburuak izan ezik) erostea hartzen ditu barne deialdiak.

Behin erosketak eginda, irailaren 1etik azaroaren 15era bitarteko epea izango dute interesdunek dirulaguntza jasotzeko eskaera aurkezteko. Gogorarazten dizuegu baldintza hauek guztiak bete behar direla laguntza eskuratu ahal izateko:

  • Ermuan erroldatuta egotea eta:2010eko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean jaio izatea (gurasoak hartuko dira laguntzaren onuradun gisa)
  • 2000ko urtarrilaren 1etik 2009ko abenduaren 31ra bitartean jaio izatea (16-25 urte). Adingabeen kasuan, gurasoak edo legezko tutoreak izango dira onuradunak
  • 2000ko urtarrilaren 1a baino lehen jaiotako langabea izatea
  • Eskolatuta egotea edo irakaskuntza arautuak edo okupazionalak burutzea (barne daude unibertsitateko ikasketak, masterrak eta doktoregoak, Helduen Hezkuntza, etab.)
  • Erosketak herriko dendetan egitea horretarako zehaztutako epearen barruan
  • Ermuko Udalarekiko zerga-betebeharrak egunean izatea; ez bada hala, eskaera bertan behera utziko da

Nola aurkeztu eskaera?

Irailaren 1etik aurrera aurkeztu ahal izango dira dirulaguntzak eskuratzeko eskaerak. Horretarako, eskabidearekin batera, egindako erosketaren faktura edo tiketa aurkeztu beharko da, onuradunaren izenean emana, erositako produktuen zerrenda erakusten duena. 16 urtetik gorako ikasleen kasuan, burutzen ari den ikasketen matrikularen egiaztagiria ere eskatuko da, baita bankuko datuak eta kontuaren titulartasuna egiaztatzen duen agiria ere. Eskaerak egoitza elektronikoaren bitartez egin ahalko dira, baita Abiapuntun ere.