Bizkaiko Foru Aldundiak Boiseko Jaialdian duen presentzia indartu egin du stand propio bat jarriz. Idaho erakusketan bisitatu daiteke, eta bertan lurraldearen kultur-eskaintza handiaz gozatzeko aukera dago, formatu dinamiko eta erakargarrian.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azaldu zuenez, "publiko berriei ireki nahi diegu atea, Bizkaiko kulturaren eta ondarearen aberastasuna ezagutu dezaten. Harrotasunez aurkezten dugu gure lurraldeak dakarren kalitatezko eskaintza hau, herrien kultura eta nortasuna maite duen publiko ororentzat".

Boiseko Jaialdian Bizkaiak duen presentzia indartzearen aldeko apustua da: "Toki honek lotura handia du gure lurraldearekin, gure bizilagun asko hemen bizi dira eta jakin badakigu gure presentziari balio handia ematen diotela. Gure kulturan hain errotuta dagoen maitasun horrek belaunaldi berrietan ere bizirik irautea nahiko genuke." Horrela mintzatu zen Arrizabalaga.

Bizkaia zuhaitz gisa aurkeztu da bisitarien aurrean, nortasunaren eta indarraren sinbolo gisa, sustrai sendoak eta mundura irekitzen diren adarrak dituen zuhaitz bat, gure kultura nola hazten, bidaiatzen eta partekatzen den irudikatzen dutenak.

Zuhaitzaren adarretatik zintzilik, bisoreak egongo dira, eta, horien bidez, bisitariek gure lurraldeko hainbat leku eta une garrantzitsu bisitatu eta deskubritu ahal izango dituzte. Gainera, standak esperientzia birtual bat eskainiko du Santimamiñeko kobara, bisitariak Bizkaiko enklabe natural horretan bete-betean murgildu ahal daitezen.

Standa Bizkaiko txoko ederrenetako postalez apainduta dago, hala nola kostaldeko udalerriak, Omako basoa, El Pobaleko burdinola edo gure hiriburua. Bizkaiko sustapen-bideoak ere ez dira falta espazio honetan. Bertan, hurbiltzen diren lagunek gure lurraren erakargarritasun handiak deskubritu ahal izango dituzte, eta gainera, standa bisitatzen dutenek merchandising-materiala ere eraman ahal izango dute.