Gero eta hurbilago dago Amorebieta-Etxanoko Karmen kalea oinezkoentzako bihurtzeko proiektua. Udalak Karmen 2.0 proiektua behin betiko onartu du uztaileko osoko bilkuran, herritarren ekarpenak aintzat hartuz, eta horrek proiektuaren diseinua zornotzarren errealitate eta lehengasunetara egokitzea ahalabidetuko du.

Horrez gain, Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren kontratu-aldaketa eta zerbitzu hori kontratatzeko espedientea onartu ditu baita ere, udalerrian gehien behar duten pertsonei zerbitzu hobea eskaintzeko helburuz.

Karmen 2.0 proiektua: proektu eraldatzailea Amorebieta-Etxanoko erdigunerako

Gaur Karmen kalea urbanizatzeko proiektua behin betiko onartu da, eremu hori oinezkoentzako bihurtzeko eta Amorebieta-Etxanoko gune horren azpiegitura berritzeko bidean aurrera eginez. Proiektu hau gobernu-taldearen apustu nabarmenetako bat da, eta herriaren erdigunea espazio irisgarriago eta jasangarriago bihurtzea du helburu, pertsonei eta oinezkoei lehentasuna emanez.

Hala, proiektuaren helburua ez da hiri-azpiegitura berritzea soilik, baita herritarren beharrei eta proposamenei erantzutea ere. Proposamen horiek Arkalaz egin den parte-hartze prozesu bidez jaso dira eta funtsezkoak izan dira proiektuaren diseinua zornotzarren errealitatera eta lehentasunetara egokitzeko. Prozesu horretan, parte hartzeko saio bat, ekarpenak egiteko online formulario bat, etxeetara banatu den informazio orria eta alegazioak aurkezteko epea jaso dira.

“Proiektu hau guztion artean egin da, Arkalaz. Proiektuan egindako aldaketen arabera, kalearen eraldaketaz gain, herritarrek proposatutako irisgarritasun, funtzionaltasun eta iraunkortasun beharrei ere erantzuten diegu “, adierazi du Anartz Gandiaga hirigintza zinegotziak.

Herritarren proposamenei esker proiektuan egindako hobekuntzen artean, sarbideen aldaketa da nabarmenetako bat, hala nola zamalanetarako eremuak egokitzea eta Karmen kaleko 13. zenbakiaren aurrean aparkaleku bat kentzea, eremuko egoiliarrek proposatutako behar zehatzei erantzuteko. Gainera, espazioaren irisgarritasunari arreta handiagoa jarri zaio, oinezkoentzako segurtasuna eta erosotasuna hobetuz.

Proiektuak, halaber, arkupeak berritzea, saneamendu bateratuko sarea ordeztea eta berdeguneak sortzea aurreikusten du, ingurumenaren iraunkortasunari laguntzeko. Espazio publikoaren kalitatea hobetzeko, zoladura drainatzaileak jarriko dira eta argiztapena hobetuko da, bizilagunentzat giro seguruagoa eta atseginagoa sortuz.

1.200.000 euroko aurrekontuarekin, obra 12 hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da, eta, horrela, Amorebieta-Etxanoko erdigunean oinezkoek izango dute lehentasuna, Aginte Planean jaso bezala.

Etxez etxeko laguntza-kontratu berria: ordu gehiago eta zerbitzu hobea erabiltzaileentzat

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuari dagokionez, egungo kontratuaren aldaketa onartu du udalbatzak, eta horrek zerbitzuari esleitutako ordu-kopurua handitzea ahalbidetuko du, egungo 20.200 ordutik 27.500 ordutara heldu arte 2028an. Aldaketa horrek zerbitzu horren eskaera gero eta handiagoari erantzuten dio, erabiltzaileek beharrezko eta kalitatezko arreta jasotzen jarraituko dutela bermatuz

Zerbitzuaren aurrekontua ere nabarmen igoko da, ordu-eskari handienera egokitzeko. Hala, 760.000 eurotatik 1.041.794 eurora iritsiko da 2028an, igoera progresiboarekin. Horrek Udalak kalitatezko zerbitzu jasangarri batekin duen konpromisoa berresten du.

Era berean, udalbatzak zerbitzu horri buruzko kontratazio-espediente berria ere onartu du, ezaugarri berriak eta zerbitzuaren hobekuntzak barne hartzen dituena. Horien artean, egoerak hala eskatzen duen kasuetan zerbitzua bi langilerekin eskaintzeko aukera jaso da, eta horrek arreta pertsonalizatuagoa eta erabiltzaileen beharretara egokitua ematea ahalbidetuko du. Egun berezietako estaldura ere jaso da, zerbitzua egun garrantzitsuetan ere eskuragarri egotea bermatuz eta beharrezkoa bada, orduetan doikuntzak egiteko aukera emanez.

Aldaketa horiekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak bere gizarte-zerbitzuen sarearen barruan Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak lehentasuna izaten jarraituko duela bermatzen du, udalerriko adinekoen zein mendekotasun edota kalteberatasun egoeran dauden pertsonen errealitate eta behar berrietara egokituz.

Gainera, Amorebieta-Etxanoko Udalak bilerak egin ditu sindikatuekin eta zerbitzuko langileen kezkak entzun ditu. Horri esker, kontratua arretaren kalitatea bermatzen jarraitzeko egokitu ahal izan da.