Datorren ostegunean, uztailaren 31n, San Inazio jaieguna ospatuko da, eta urtero bezala Gorbeiara igoko dira milaka eta milaka pertsona. Hori dela eta, aurreko urteetan bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak doako autobus-zerbitzua eskainiko du Areatza eta Pagomakurreren artean.

Neurri horren helburua da Arratia eta Nerbioi eskualdeetako ohiturari jarraituz Gorbeiara hurbilduko direnei joan-etorria erraztea eta, aldi berean, Gorbeiako Parkearen ingurune naturalaren babesa bermatzea, zeina Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) baita.

Autobusak Areatzatik hasiko du lehen ibilbidea 06:00etan, eta hainbat aldiz egingo du joan-etorriko ibilbidea egun osoan zehar, 19:00ak arte. Ordu horretan azken zerbitzua aterako da Pagomakurretik. Igarotze-maiztasuna 20 minutuan behin aurreikusten da.

Ohikoa denez, uztailaren 31n egun osoan debekatuta egongo da ibilgailu pribatu bidez sartzea, bai bisitarientzat, bai lursailen jabeentzat, bai abeltzainentzat, bai mendian dauden babeslekuen erabiltzaileentzat. Era berean, debekatuta egongo da bizikletak eta zaldiak foru-autobusak erabiliko duen zirkuitutik ibiltzea, zerbitzuaren segurtasuna eta arintasuna bermatzeko.

Gainera, Areatzako Udalarekin lankidetzan, doako zazpi aparkaleku gaitu dira, autoz bertara joango direnentzat. Aparkatzeko guneak hauek izango dira:

  1. Arratiano aparkalekua
  2. Guardamino aparkalekua
  3. S3 aparkalekua
  4. Karpo aparkalekua
  5. Bolivar aparkalekua
  6. Eskola aparkalekua
  7. Astondoa pirotenkiaren aparkalekua

Parke Naturalean jende asko biltzeak eragin dezakeen ingurumen-inpaktua murrizteko, Bizkaiko Foru Aldundiak gogorarazten du debekatuta dagoela uztailaren 27, 28, 29, 30 eta 31n ingurune natural osoan kanpatzea eta gaua igarotzea.

Jarduera honekin, foru-erakundeak berretsi egiten du ingurunearen iraunkortasunarekin eta zaintzarekin duen konpromisoa, herritarrei jai-egun batez gozatzeko aukera emanez, natura errespetatuz.