Ferixa Nausikoen egitaraua aurkeztu du Elorriok
Apustu ekonomiko sendoa egin du Udalak hamaika egunetako jai-egitaraua atontzeko, guztira 260.000 euro jarrita
Elorrioko Udalak 260.000 euroko aurrekontua bideratu du aurten Feria Nauxikoen egitaraua prestatzeko. Aste honetan eman dira ezagutzera jaiak dirauten bitartean eskainiko diren jarduerak, jai batzordearekin eta haiekin kolaboratu duten eragileekin batera antolatutakoak: Arriola Kultur Aretoa, Iturrizoro elkartea, Kainabera GKE, kirol elkarteak, danborrada eta txosnagunea, Txintxirri Ikastola, herriko txistulariak, Fanfarrixo fanfarrea, Bizidun nagusien elkartea… “Eta helburua bete dugu beste behin, adin eta gustu guztiak asetzeko moduko egitaraua ontzea” adierazi du Itsaso Basaurik, Jai eta Kultura zinegotziak.
Zaintza lanetan dihardutenei aitortza
Aurtengo txupinazoa pertsonak zaintzen eta etxeko lanetan diharduten emakumeek botako dute, zapatuan, irailak 6. Grettel Antonia Diaz Gutierrez nikaraguarra da kolektibo horretako kideetako bat, eta, aipatu duenez, “pozez hartu genuen proposamena, kontuan hartzen gaituztela sentitu baitugu. Normalean ezin izaten dugu ekitaldi horretan egon zaintza-lanetan aritzen garelako, baina aurten jaiei hasiera ematea ohorea izango da; Elorriok oso ondo hartu gaitu”.
Julene Lazkano alkatea pozik azaldu da aukeraketarekin: “Izan ere, horrela, kolektibo honek familiei, Elorriori eta gizarte osoari egiten dioten ekarpena aitortzen dugu. Harro egoteko modukoa da errekonozimendu sozial hori egin ahal izatea, bai emakumeei, bai beren lanari. Familiak ere animatu nahi ditugu erantzunkidetasunera, dena pertsona gutxi batzuen esku gera ez dadin. Tribu izan gaitezen, zaindu dezagun zaintzen gaituena, eta zaintza partekatuak eta arduratsuak egin ditzagun!”.
Denentzako ekitaldiak
Adin tarteei begira, aurreko urteetako ekimen arrakastatsuek tokia izango dute beste behin. Txikienek bitsaren festak, jolasak eta haur parkeak izango dituzte eskura, gaztetxoek aktibitate piloa Ganondo parkeko uhartean, eta nagusienek euren egun berezian mendi ibilbidea, meza, luntxa eta dantza moduko ekitaldiak.
Egitaraua osatzerako orduan aipatu behar da ekarpen handia egiten duela Arriola Kultur elkarteak. Bertako kide Iñaki Larrañagak nabarmendu du estilo aldetik emanaldi aberatsak izango direla eta lokalizazio aldetik hainbat tokitan banatuko dela egitaraua: “Zuzeneko musika anitza izango da, besteak beste, elektronika, erromeria, fanfarria, karaokea, DJ festak, saltsa, folka edota mariatxiak, eta gehienak euskaldunak.
Ikuskizunen artean, gainera, bertsolariak, kaleko antzerkiak, zirkua, dantza garaikidea eta erraldoiak egongo dira; eta guneei dagokionez, plazan antolatuko dira ekitaldi gehienak, baina Urarka-Esteibarlandan, Aldatsekuan eta txosnagunean ere hainbat emanaldi ikusi ahalko dira, formatu ibiltarian egingo direnak ahaztu gabe”.
Tradiziozko ekintzek ez dute hutsik egingo, ezta, nola ez, jaiei izena ematen dien Ferixa Nausiak ere, irailaren 7an. “Ferixa eta azokari buruz, eskertzekoa da abeltzain, nekazari eta artisauek gurera etortzeko erakusten duten konpromisoa”, azpimarratu du Basaurik.
Herri mailan antolatzen diren ekintzen artean, honakoak izan daitezke aipagarrienak:
- Ostiralean, hilak 5, Txosnagunearen irekiera.
- Larunbatean, hilak 6, Txupinazoa eta danborrada.
- Igandean, hilak 7, Ferixia.
- Astelehenean, hilak 8, koadrilen bazkaria, eta koadrilen arteko jolasak.
- Ostiralean, hilak 12, Jubilatuen eguna, eta Txosnaguneak antolatzen duen kontzertua plazan: Tatxers eta Süne.
- Larunbatean, hilak 13, Sukalki eguna, karroza jeitsiera eta DJak.
- Eta jaiei itxiera emateko, igandean, hilak 14, Elorrioko Koloreak eta zaporeak, Herri kirolak eta Bertsosaioa.
Horrekin batera, aipagarria da Elorrioko kirol taldeek izango duten protagonismoa, lagunarteko futbol, saskibaloi eta eskubaloi norgehiagokak jokatuko baitituzte.
Jai parekideak oinarri
Julene Lazkano alkateak argi adierazi du “Ferixa Nausikoak antolatzen hasten garen momentutik jai parekideak, guztiontzako libre eta alaiak izateko egitaraua prestatzen dugula. Horretarako, antolatzaileok gure lanean berdintasun-irizpideak kontuan hartzen ditugu jaiak guztiontzat izan daitezen: kartel-lehiaketan, jai-egitarauan, kontratazioetan, barraketan, eragileen arteko koordinazioan eta abarretan”. Horrekin batera, mezu zuzena helarazi du: “Erasotzaileek ez dute tokirik, hortaz, ez etorri edo ospa egin”.
Ildo beretik, jaiei begira aurten ere eraso matxistak eta arrazistak prebenitzeko kanpaina jarriko da martxan. Aurreko urteetan bezala, herriko eragile feministekin batera jaietarako protokoloa landu da, eta bertan jasotzen da, besteak beste, zelan jokatu inork erasoak salatu nahi izatekotan edo laguntzaren premia izan edota informazioa jaso nahi izatekotan. Hala, halako egoerak kudeatzeko telefono zenbaki hau egongo da eskura (688 86 52 94).
Esker oneko mezua
Alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie jaien antolaketan parte hartu dutenei: “Elkarte eta eragileei, zinegotziei, udal langileei, herritar boluntarioei, kartel lehiaketako partaideei eta Anboto komunikabideari saria emateagatik, nekazari, abeltzain eta artisauei, BBKri etxolak lagatzeagatik, herriko denda, enpresa eta tabernei egitaraua finantzatzeagatik, eta, oro har, langile guztiei”.
Gainera, jai euskaldunak izateko aldarria egin du, euskaratik eta euskaraz garatuko direnak. Eta ingurumena zaintzeko eta bizikidetzarekiko errespetua erakusteko eskaera egin du. Azkenik, kartel iragarlearen egileak, Sabina Aizpuru Agirre elorriarrak, saria jaso du Anboto komunikabidearen partetik. Esan behar da bigarren aldiz iragarriko dituela Aizpuruak egindako kartel batek Ferixa Nausikoak, 2018an ere hark irabazi baitzuen jaietako kartel lehiaketa.