'EnpleGU: Ontziratu' prestakuntza-programa aurkeztu du Bermeok
Programaren helburu nagusia da langabezian dauden eta aldez aurretik itsas arloko prestakuntzarik ez duten pertsonak prestatzea, orientatzea eta ahalduntzea
Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako Behargintzak indarrak batu dituzte Bermeoko Nautika Eskolarekin EnpleGU: Ontziratu izeneko prestakuntza-programa martxan jartzeko. Ekimena astelehen honetan goizean aurkeztu dute, eta bertan azaldu dute Bermeoko Udalak eta Europako Gizarte Funtsak diruz lagundutako ekimena dela.
Garapen Ekonomikorako zinegotzi Maite Caruezo Ugaldek azaldu du, programaren helburu nagusia dela nautika eta arrantza sektorean laneratzeko benetako aukera eskaintzea udalerriko eta inguruko herrietako langabeei.
Nerea Hormaetxe Behargintzako teknikariak eman ditu programaren xehetasunak. Aipatu duenez, EnpleGU: Ontziratu programaren helburu nagusia da langabezian dauden eta aldez aurretik itsas arloko prestakuntzarik ez duten pertsonak prestatzea, orientatzea eta ahalduntzea. Bereziki, lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten horiei zuzendutako programa dela esan du: “Programa honek funtsezko gaitasunak garatzen, konfiantza sortzen eta laneko etorkizunari eta etorkizun pertsonalari berme osoz aurre egiteko tresnak eskaintzen laguntzen du”.
Programa hau Bermeoko eta inguruko arlo ekonomiko eta sozialaren benetako beharrei erantzuteko sortu dela dio, indargune bat dela nabarmenduta. Prestakuntza Bermeoko Nautika Eskolan eskainiko da 2025eko urriaren 1etik aurrera, eta gutxi gorabehera, 4 hilabeteko iraupena izango du.
Karmele San Miguel Nautika eskolako zuzendariak aldi horretan ikasleek jasoko duten irakasgaien berri eman du:
- Itsasontziko segurtasuna eta lehen sorospenak (70 ordu): segurtasunezko oinarrizko prestakuntzaren baliokidea da.
- Arrantza-ontziko estalki lanak (30 ordu): Marinel-arrantzale ikastaroaren baliokidea da.
- Arrantza-aparailuak muntatzea (190 ordu).
Gainera, banakako eta taldeko orientazio pertsonalizatua eskainiko zaie ikasleei, “funtsezkoa baita sektorean laneratzeko aukerak hobetzeko”.
Doako prestakuntza jasotzeko interesa daukatenek Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintzarekin harremanetan jar daitezke, 94 617 91 90 telefono zenbakira deituz edo behargintza@bermeo.eus helbide elektronikora idatziz.
Neurrira egindako prestakuntzaren aldeko apustua
Bermeoko Udaletik azpimarratu gura da, konpromiso sendoa dagoela prestakuntza-programak herritarren beharretara etengabe egokitzeko. “Bermeo beti dago prest bere jendearen beharrei erantzuteko, eta programa hau horren adibide garbia da: praktikoa, testuinguruan kokatua, irteera erreal eta irisgarriekin”, nabarmendu du Nadia Nemeh Shomaly alkateak.
Gainera, alkateak langabeak deitu ditu parte hartzera: “Hau aukera erreal bat da itsas-arrantza sektorean aro profesional berri bat hasteko, gure kostaldeko zutabeetako bat”.