Bizkaiko Foru Aldundiak Kukularrako zubibidea hobetzeko lanak hasiko ditu astelehen honetan, uztailaren 14an, eta eragina izango du trafikoan. Jardungo den eremua BI-30 errepideko 11+800 eta 12+050 kilometro-puntuen tartea izango da, Erletxerako norabidean.

Lan horietan, egungo uhinbiko bikoitza ordezkatuko dute, 80ko urteen amaierakoa baita, eta, haren ordez, euste-maila gorena izango duen pretil berri bat jarri. Horretarako, galtzadaren kanpoaldeko erreia okupatu beharko dute, eta hortik espaloia eta zerbitzu-hodia eraitsiko dituzte. 2018an, antzera egin zen kontrako norabidean.

Hobetze-lanen ondorioz, Kukularrako zubiaren kanpoaldeko erreia ez da erabilgarri egongo; baina, bigarren erreia egongo da Enekuritik datozen ibilgailuak bidean zuzenean sartu ahal izateko. Horrela, Txorierriko enborra hiru erreitatik bi erreitara aldatuko da Enekuriko irteeran (12. irteera), eta Leioarako bihurgunea gaur egun egiten den tarte berean egongo da, baina errei bakarrekoa izango da.

Obrak udaldi betean, hau da, trafiko gutxiena izaten den urteko garaian badira ere, baliteke auto-ilarak sortzea korridorearen eremu horretan, bidearen edukiera murrizten delako. Foru-aldundiko sail teknikoak egindako simulazioen arabera, auto-ilara horiek lanegunetan sortuko lirateke 15:00etatik 16:30era bitartean, eta Artxandako lotuneraino iritsiko lirateke, baina ez Larrondokora. Kalkulatu dute batez beste 3 minutu luzatuko direla bidaiak.

Jarduketa hori sareko egitura horretan eta beste hiru egituratan egiten ari den birgaitze-proiektu baten zatia da, baita Bizkaiko Foru Aldundiak bide-azpiegiturak eta -segurtasuna modernizatzeko daukan konpromisoaren parte ere. Lau azpiegitura horietako esku-hartzeen aurrekontu osoa 3,2 milioi eurokoa da.