Síguenos en redes sociales:

Enpresa berri batek kudeatuko du Sopelbus zerbitzua

Uda garaian, bi autobus egongo dira zerbitzuan eta bat erreserban

Enpresa berri batek kudeatuko du Sopelbus zerbitzuaS. U.

Sopelbus zerbitzuak hobekuntza nabarmenak jasango ditu astearte honetatik aurrera, uztailaren hasierarekin batera. Enpresa berri batek kudeatuko du zerbitzua, eta hainbat nobedade iragarri dituzte: erabiltzaileen esperientzia hobetu eta udalerriaren mugikortasun jasangarriaren eta ingurumenaren aldeko konpromisoa indartuko dira, besteak beste.

Uda garaian, bi autobus egongo dira zerbitzuan eta bat erreserban; neguan, berriz, bat arituko da eta beste bat egongo da erreserban, urtaro bakoitzeko eskarietara egokituz. Ibilgailuetako bat guztiz berria izango da (2025eko ekainean matrikulatua) eta beste biak 2023ko modeloak dira. Flotaren berritze honek jauzi kualitatibo garrantzitsua dakar, izan ere, aurreko ibilgailuak ordezkatuko dira (2007, 2011 eta 2012koak), eta orain flota modernoago, eraginkorrago eta fidagarriago bat eskainiko da, matxura teknikoak gutxituz eta zerbitzu egonkorragoa eskainiz. Horrek konfiantza handiagoa sortuko du erabiltzaileen artean.

Erabiltzaileei dagokienez, ez da aldaketarik egongo: ordutegiak, ibilbideak eta tarifak bere horretan mantenduko dira. Salbuespen bakarra 14 urtetik beherakoentzat izango da, Barik txartel balioduna dutenentzat doakoa izango baita zerbitzua. Trantsizioa modu egokian gauzatzea eta erabiltzaileen eguneroko esperientzia ez aldatzea izan da helburua.

Arlo ekonomikoari dagokionez, kontratu berriak inbertsioa igotzea ekarri du: aurreko kontratua 205.128 eurokoa zen urtean, eta lizitazio-prezio berria 397.271,04 eurokoa da. Azkenean, esleipenaren ondoren, 362.450 eurotan geratuko da, hau da, %76,69ko igoera izango du guztira. Sektoreko hitzarmeneko lan-baldintzak hobetu eta hornidura-kostuak igo direlako eman da igoera.

Berrikuntza gisa, Sopelbusen Erabiltzaileentzako Arreta Zerbitzua jarriko da martxan. Zerbitzu honek zalantzak argitzeko, gorabeherak jakinarazteko edo informazioa eskatzeko aukera emango du. Telefono bidezko arreta zerbitzua eskainiko da, euskaraz eta gaztelaniaz, eta, lanegunetan, gutxienez, zortzi ordukoa izango da arreta hori. Harremanetarako bideak autobusetan, markesinetan eta karteletan egongo dira ikusgai.

Era berean, Abisu, Kexa eta Iradokizunen kudeaketa-sistema ezarriko da. Autobusetan edo geltokietan balio bereziko objekturik aurkituz gero, Udaltzaingoari emango zaizkio, jabeek berreskuratu ditzaten.

Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: “Gure ingurune naturala zaintzearen garrantzia gogorarazi nahi dugu, eta bertako herritarrei zein bisitariei dei egiten diegu garraio publikoa erabil dezaten eguneroko joan-etorrietarako zein hondartzetara joateko, bereziki herrian jende gehien egoten den hilabeteetan”.