Bizkaiko Elikagaien Bankuak egiten duen elikagaien bilketa, biltegiratzea eta banaketa finantzatu ahal izateko 25.000 euroko dirulaguntza emango du Bizkaiko Foru Aldundiak. Bi erakundeek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute elikagaien xahutzearen aurka egiteko.

Hitzarmena Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren bidez egin da, eta, hari esker, 2025eko ekitaldian elikagaien bilketa, biltegiratzea eta banaketa finantzatu ahal izango da, elikagai galkorrena barne (esaterako, fruta, barazkiak, haragia, arraina eta esneki ontziratuak). Izan ere, elikagai horiek kontsumitzeko moduan daude oraindik, baina saltokietan ezin izango lirateke saldu.

Hitzarmena bat dator Elikagaien Galerak eta Hondakinak Prebenitzeko 3/2025 Lege berriaren printzipio eta helburuekin (aurten jarri da indarrean). Legeak elikagai-kateko agente guztiak neurriak hartzera behartzen ditu, kontsumorako egokiak diren elikagaien galera saihesteko, elikagai horiek berriro banatzea sustatzeko eta ekonomia zirkularraren eredu zuzenagoa eta jasangarriagoa sustatzeko.

Ekimen horrekin, Bizkaiko Foru Aldundiak jasangarritasunarekin duen konpromisoa berretsi eta 2015ean hasitako aliantza estrategikoa indartzen du, zeinak ahalbidetu baitu Bizkaiko Elikagai Bankuaren elikagaiak biltzeko programaren irismena eta eraginkortasuna handitzea.

Laguntza ekonomikoari esker, gastu asko ordaindu ahal izango dira, esaterako, ibilgailuen eta hozkailuen mantentze-lanak, aseguruak, bilketa-kanpainak, energia-kontsumoa, eta, produktuen trazabilitatea bermatzeko behar den informatikako mantentze-lana.

Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuak nabarmendu duenez, hitzarmen hori, elikagaien xahutzearen ingurumen-inpaktua murrizten laguntzeaz gain, urrats sendoa da Bizkaia solidarioagoa, arduratsuagoa eta gizarte-kohesioarekin konprometituagoa izateko bidean.