Arbaltzagaren ingurua Baso-suteetarako larrialdi plana (Infobi) osatzen duten taldeen entrenamendu lekua izan da ostiral honetan, ekainaren 21ean, bertan egin baitu Bizkaiko Foru Aldundiak baso-sute baten simulakroa.

Jarduketa hori 2025eko kanpainaren bigarren fasearen hasierarako aurreikusitako prebentzio- eta prestakuntza-ekintzen artean dago. Arrisku ertaineko (uda) eta arrisku handiko (negua) aldiak sartzen dira fase horretan.

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saileko Arantza Atutxa diputatua egon da simulakroan, eta lurreko eta aireko baliabide askok hartu dute parte, hala nola INFOBIko teknikariek eta operatiboek, Aldundiko Baso Zerbitzukoek, Basalaneko agenteek eta foru-suhiltzaileek. Ariketa ikustera gonbidatuak izan dira Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, Arabako Foru Aldundiko, Bilboko Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuko ordezkariak, apustu argia baita lurraldearteko lankidetzaren eta larrialdietako erakundearteko koordinazioaren alde.

Halaber, operatiboan -20 pertsona inguruk osatuta-, hauek hartu dute parte: sua itzaltzeko lanen zuzendari tekniko bik, sua itzali eta zaintzeko talde bik, bulldozer eskuratu berri batek, basoko ponpa-auto bik, zisterna batek, sastrakak kentzeko robot batek, eta 700 eta 1.000 litro bitarteko helibaldea daukan LK1 helikoptero batek, airetik laguntzeko. Askotariko maniobrak izan dira: defentsa-lerroak eskuzko lanabesekin zabaldu, erreketa kontrolatuak egin, ur-lerroez baliatu, helikopterotik deskargatu, eta makina astunak iritsi ahal izateko bideak hobetu. Horretarako, ur-putzu bat prestatu da eta, horrela, aireko baliabideak karga hartu ahal izan du hurbil, ariketan bertan. Bulldozerrak egindako praktikak 2022an baso-sute bat izan zuen eta 12 hektarea inguru kaltetu zituen eremu batean zentratu dira. Kasu honetan, bulldozerrak 2 hektareatan lan egin du.

Bulldozerra eta helikopteroa

Nabarmendu beharreko berrikuntza izan da erosi berri den buldozerraren parte hartzea; hartaz baliatu baitira defentsa-lerroak zabaltzeko eta pistak hobetzeko, eta, horrela, sua itzaltzeko ibilgailuen sarrera erraztu. Erosketa hori Aldundiak INFOBIren esparruan baliabideak etengabe eguneratuta izateko prozesuaren parte da, eta horri basoko ponpa-autoak ere gehitu behar zaizkio, profesionalen eraginkortasun operatiboa, segurtasuna eta osasuna hobetze aldera.

Simulakroan erabilitako LK1 helikopteroa Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundiek 2023ko azaroan sinatutako hitzarmen baten parte da, guztira 1,2 milioi euro inbertituta. Bizkaiak urteko 360.000 euro ordaintzen ditu, bi urtean, esku-hartzeko gaitasuna indartu nahi duelako, irismen txarreko eremuetan edo arrisku handiko egoeretan, batez ere.

Infobi

Ariketa hori Infobiren esparruan dago, Bizkaiko baso-suteetarako larrialdi planean, hor koordinatzen baitira Baso Zerbitzuko, Basalaneko eta Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko 600 profesionalak. Plan horretan dago ezarrita zer prozeduraren arabera jardun behar duten eta nola antolatu behar diren baso-suterik badago, eta, gainera, prebentzio-neurriak eta baso-kudeaketa jasangarria ere hartzen ditu barnean.

2023an, Infobi eguneratu zen, klima-aldaketak eragindako agertoki berrietara egokitzeko, suteen portaera-patroiak aldatzen ari dira eta. Eguneratze horretako berrikuntza nagusiak hauek dira: suaren portaeraren analisi teknikorako zerbitzua eta baso-suteak zergatik pizten diren ikertzeko lantalde espezializatu bat sortzea, makina astun berriak erostea, eta gaurkoa bezalako simulakroen bidezko prestakuntza praktiko gehiago ematea.

Ekimen horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak baso-suteen prebentzioarekin eta haien aurreko erantzunarekin daukan konpromisoa sendotu nahi du; izan ere, klima-larrialdiko testuinguru honetan, ezinbestean egin behar dugu ahalegin handiago bat lurraldeko mendiak babesteko eta sua itzaltzeko lanetan dihardutenen segurtasuna bermatzeko.