Ermuko Udalak martxan jarri du hitanoa bost astetan ikasteko Appa hi! izeneko aplikazio digitala. Atzo gauean, Udal Euskara zerbitzuko alkateorde eskudunak, Harri Araiztegik, eta Deba Ibarreko Euskara Elkarteko koordinadoreak, Aintzane Agirrebeñak parte hartu zuten aurkezpen ofizialean.

Ekitaldian baita ere udal Euskara Zerbitzuko teknikari Fernando Aranberri eta Euskal Birusa elkarteko kide eta irakasle Estibalitz Gonzalez izan ziren, baliabidea biek landutako materialekin hornitu baita.

Araiztegi alkateordeak eskerrak eman zizkien biei “egindako lan ikaragarriagatik eta, bereziki, Estibalitzi, urte asko daramatzalako euskararen alde etengabeko lanean, zeregin hori lagatzeko inolako asmorik izan gabe”. Ermuko euskarari ere tartea egin zaio aplikazioan, Aranberrik landu eta jasotako irizpideak erantsiz bertakoaren berezitasunak hobeto ezagutzeko, Ermua-Eitzaga euskara liburuko materialei erreparatuta.

Appa hi! aplikazioa eskuko telefonoaren bidez hitanoa ikasteko aplikazioa da, eta bost astean hika egiten ikasteko aukera ematen du. Badihardugu euskara elkarteak garatu du, CodeSyntax enpresarekin elkarlanean. Atzo aurkeztu zen Ermuko Appa hi! Bizkaiko lehenengo toki-aplikazioa. Estreinakoz, hitanoaren batuko bertsioa eskaini zen, gerora, Oñatiko hitanoa ikasteko aplikazioa erantsiz eta, harrera arrakastatsua, Gipuzkoako beste herri batekoak ere eskainiaz. Bizkaiko lehena, Ermukoa da. Android nahiz IOS sistemetarako egokitua dago, eta Google Play-tik edo App Storetik deskargatu daiteke, hurrenez hurren.

Hogeita hamabost egunean hitanoan murgiltzeko eta oinarriak hartzeko aukera izanen dugu. Egunero informazio jakin bat ematen da: atalaren azalpenak, ikus-entzunezkoak, adibideak izanik. Eduki erakargarri eta errazak egiteko marrazkiak ere badaude, Mirari Sagarzazu marrazkilariarenak. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator: partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste atal berri bat egiteko aukera izango du erabiltzaileak. Bestela, berriro saiatu eta partidak errepikatu ditzake. Nahi beste aldiz, ondo egin arte. Astero errepasoa egingo da, eta mailaz igotzeko aukera izango. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Erabiltzaileak bere erritmora egin dezake prozesua. Galderei zuzen erantzuten eta mailak gainditzen doanak, bost astean lortuko du hitanoa ikastea. Gizonezko nahiz emakumezkoen formak daude, noka zein toka, biak.