Durangok argiztapena hobetuko du oinezkoen pasabideetan
Lizitazioaren aurrekontua 165.020,63 eurokoa da
Durangoko Udalak 165.020,63 euroko aurrekontua bideratuko du udalerriko hainbat puntutan argiztapena eta seinaleztapena hobetzeko. Konkretuki Landako etorbideko eta Frai Juan Zumarraga zein Alluitz kaleetako oinezkoen pasabideetan jardungo da, zirkulazio handiko gune horietan bide-segurtasuna eta oinezkoen ikusgarritasuna areagotzeko eta hiri-inguruneko irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko helburuekin.
Proiektuak azken belaunaldiko LED argiztapena instalatzea aurreikusten du, eraginkortasun energetiko handia, iraupen luzeagoa, ingurumen-inpaktu txikiagoa eta ikusgarritasun handiagoa eskaintzen duena. LED argiek argia modu egokian banatzea bermatuko dute, oinezkoen pasabideak behar bezala argiztatuz eta gidariak itsutu gabe. Gainera, zebrabide batzuetan, presentzia-sentsore hautagarriak integratuko dira, argiztapena unean uneko pertsona edo ibilgailu kopuruaren arabera egokitu dadin, eta horrela energia-aurrezpena lortu.
Argiztapena hobetzeaz gain, oinezkoentzako pasabideen seinaleztapen bertikala hobetuko da, eta horrek ikusgarritasuna handituko du argitasun gutxiko baldintzetan. 40 luxeko iluminantzia minimoa ziurtatuko da plano bertikalean, eta oinezkoen eta ibilgailuen norabidean distiraren muga ere beteko da.
Lizitazioaren aurrekontua 165.020,63 eurokoa da, eta lanak gauzatzeko epea bost hilabetekoa izango da.
Parte hartzeko eskaintzak edo eskaerak aurkezteko epea uztailaren 7an amaituko da. Interesa duten enpresek beren proposamenak Durangoko Udalaren lizitazio-plataforma ofizialaren bidez aurkeztu ahal izango dituzte.