Ermuko Udalak herriko argiteria publikoa hobetzeko daukan konpromisoa betetzeko plan bereziari hasiera eman dio aste honetan. Plan hori hiru urteetan garatuko da osorik, eta 800.000 euro inguruko aurrekontua bideratuko du. Aste honetan lehenengo fasea hasi du.
Jarduera estrategiko horren helburua udalerriko argiztapen-sistema modernizatzea, energia-eraginkortasuna hobetzea eta espazio publikoan kalitate eta segurtasun handiagoa bermatzea da.
Lehen fase honetan 106.661,86 euroko inbertsioa egin da, eta udalerriko hainbat auzotan 209 argi ordeztuko dira, honela banatuta: Santa Ana eta San Roke (85 unitate), Okin Zuri (27 unitate), Errebalburu - Aldapa (19 unitate) eta Ongarai (78 unitate).
Gune hauek lehenetsi dira orain dela hamar urte baino gehiago instalatutako lehen belaunaldiko LED teknologiadun ekipoen galera nabarmena detektatu den eremuak direlako. Duela hiru urtetik hona, udal zerbitzu teknikoek konponketetan gorakada atzeman dute, eta horrek bultzatu du aldez aurretik berritzeko beharra.
Rosi Cid Hirigintza eta Zerbitzuetako zinegotziak esku-hartze horren garrantzia azpimarratu du: "Ermuan argiztapenaren kalitatea hobetzeko asmo handiko eta beharrezkoa den plan baten lehen urratsa da jarduera hau. Inbertsio arduratsua da, eta kontuan hartzen ditu bai irizpide teknikoak, bai herritarrek prozesu parte-hartzaileen bidez helarazi dizkiguten eskaerak. Udalerri seguruagoa, eraginkorragoa eta iraunkorragoa nahi dugu, eta hori lortzeko funtsezko tresna da plan hau".
Argiteria Publikoa Hobetzeko Plan Bereziak hiru jarduera-ildo nagusi jasotzen ditu:
- Argiak berritzea eraginkortasuna galdu duten auzoetan.
- Argiztapen urria edo argirik ez duten puntu beltzetako esku-hartzeak.
- Iragaitzazko espazioetan edo auzo-erabilerako eremuetan unean uneko hobekuntzak egitea.