Urtero bezala, Mungiako Udalak jasangarritasunarekin daukan konpromisoa aldarrikatu eta ezagutaraziko du aurten ere bai, Aste Berdearen edizio berri bat ospatuz. Oraingo honetan, Mungiak jardunaldi berezi bat prestatu du, bi helbururekin: alde batetik, herritarrak astronomiaren mundura hurbiltzea, eta bestetik, argi-kutsaduraren eraginei buruz sentzibilizatzea.
Ildo horretan, Mungiako Udaleko Ingurumen zinegotzi Leire Bilbaok honako hau adierazi du: "Aste Berdeak gozatzeko ez ezik, hausnartzeko ere balio izatea nahi dugu. Argi-kutsadura mehatxu isila da, eta biodibertsitateari eta zeruarekin dugun loturari eragiten dio. Honelako ekimenek gora begiratzen eta gure ingurunea gehiago zaintzen laguntzen digute".
Horrela, programazioa datorren ekainaren 6an, ostirala, hasiko da, 20:00etan, Udaletxeko Erakusketa gelan, argi-kutsadurari buruzko hitzaldi-solasaldi batekin. Jarduera honen helburua da gehiegizko argi artifizialak ingurumenean eta gaueko zeruaren behaketan duen eraginaren berri ematea.
Ondoren, 21:30etik aurrera, behaketa astronomikoa egingo da Matxin plazan, Bizkaiko Astronomia Elkartearekin (AAV/BAE) lankidetzan. Bertaratzen direnek zerua esploratu ahal izango dute jendearen eskura jarritako teleskopioen bidez. Eguraldi txarra egiten badu, hitzaldia mantenduko da, baina behaketa atzeratu egingo da eta beste data bat iragarriko da.
Jarduera hau Aste Berdeko ekitaldien barruan kokatzen da, Mungiak iraunkortasunarekin, zientziarekin eta ingurumenaren kontzientziazioarekin duen konpromisoa indartzeko.