Abanto Zierbenako ikasleak, udalerri jasangarriago baten alde
Foroaren puntu nagusietako bat ekintza eraldatzaile baten aurkezpena izan zen
Abanto Zierbenako Dolores Ibarruri BHIko eta Askartza Iusi HLHIko 25 ikaslek parte hartu zuten joan den ostiralean, maiatzaren 30ean, Eskolako Agenda 2030 programaren Udal Foroan. Bertan, jasangarritasunarekin eta partehartzearekin duten konpromisoa adierazi zuten.
Foroan, ikasleek ikasturtean zehar, Eskolako Agenda 2030 programaren urteko lanaren barruan, beren ikastetxeetan garatutako ekintzak aurkeztu zituzten. Gainera, eskolarteko foroan aldez aurretik adostutako proposamenak eta konpromisoak partekatu zituzten. Topaketa horretan, bi ikastetxeetako ordezkariek Abanto Zierbena jasangarriago baterantz nola egin hausnartu zuten elkarrekin.
Foroaren puntu nagusietako bat ekintza eraldatzaile baten aurkezpena izan zen, ikasleek beraiek antolatuko dutena hurrengo ikasturtean: "Zabor-bilketa bat antolatuko dugu ikasle guztien artean, eta bildutakoa erakutsiko dugu herritarrak sentsibilizatzeko. Amaitzeko, bildutako zaborra behar bezala birziklatzeko edo materiala berrerabiltzeko sailkatuko dugu."
Ekitaldian Iñaki Urrutia alkatea eta Goiatz Iturbe Udaleko ingurumen teknikaria izan ziren. Oso giro hurbil eta parte-hartzailean, alkateak arretaz entzun zituen proposamen guztiak eta banan-banan erantzun zuen, ekintza eraldatzaileari babesa emanez eta ikasleak udalerriaren hobekuntzan inplikatuta jarraitzera animatuz.
Eskolako Agenda 2030 programaren Udal Foroa funtsezko tresna da ikasleek tokiko bizitzan parte-hartze aktiboa izan dezaten sustatzeko eta jasangarritasunak planteatzen dituen erronka sozial, ingurumeneko eta ekonomikoekiko konpromiso kolektiboa indartzeko.