Trafikoak Barakaldoko herritarrengan duen soinu-inpaktua arintzeko helburuarekin hobekuntzak egingo ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Arrontegi zubiaren errailak berrantolatzeko proiektuan. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako sailak lan hauen nondik norakoak azaldu egin ditu.
Zehazki, hasierako proiektuan aurreikusitako pantaila akustikoak aldatu egingo dira, eta metro bat igoko da haien altuera, lau metrokoak izan daitezen; gainera, 0,50 metroko goiko difraktore bat (estalki moduko bat, bisera gisa) ere jarriko da. Era berean, asfaltatua aldatu egingo da, eta horrek soinu-presioa 3 dezibelioren inguruan murriztea eragingo du.
Joan den martxoaren 6an, Carlos Alzaga foru diputatuak prentsaurrekoan aurkeztu zituen Arrontegiko zubian egin beharreko lanak. Zubi hori trafikoko Eguneko Batez Besteko Intentsitate (EBBI) handieneko errepidea da, egunero 175.000 ibilgailu inguru igarotzen baitira asfaltotik, eta horietatik % 6,20 astunak dira.
Agerraldi horretan, Azpiegituren eta Lurralde Garapenaren Foru Saileko titularrak esku-hartze garrantzitsua egingo zela iragarri zuen, Arrontegi arindu eta haren edukiera handitzeko, dauden bost erreiak berrantolatuta. Horrela, horietatik lau Bilborako (2) eta Santanderrerako (2) noranzkoan gaituko dira, eta bakarra izango da Barakaldorantz irteteko trafikoa hartuko duena.
Proiektuak hasieratik jasotzen zuen pantaila akustikoak jarriko zirela trafikoaren soinu-inpaktua arintzeko, eta horixe zen, hain zuzen, Barakaldoko herritarren erreklamazio nagusietako bat. Hala ere, auzotarren kezkaz jabetuta, Bizkaiko Foru Aldundiak babes-neurriak handitzea erabaki du, metro batean pantailen altuera handituz eta bisera gisa elementu handiago bat jarriz; bi neurri horiek eragin positibo nabarmena izango dute ingurunearen kalitate akustikoan.
Bestalde, Aldundiak Tecnaliari enkargatutako txosten batek zehazten duenez, zoladura eguneratuz gero edo zoladura isilago batez ordeztuz gero, 3 dezibeleko eremuan dauden zarata-mailak murriztuko dira lehen kasuan, eta 5 dezibeliokoak, gutxi gorabehera, bigarrenean.
Horrez gain, 2020az geroztik, Azpiegitura eta Lurralde Garapen Saila Eraikinen Isolamendu Akustikorako Plana ezarriz joan da. Plan horren bidez, laguntza-lerro bat eta hainbat dirulaguntza eskaintzen dira, eragindako etxebizitzetan isolamendua hobetzeko obrak egitearren.
Barakaldoko kasu zehatzean, duela bost urtetik hainbat auzotan aritu izan dira lanean, batez ere Arrontegi zubitik hurbilen daudenetan.