Astelehen honetan goizean aurkeztu dute La Encartada Moda 2025 ekimena. Aurtengoa hamaikagarren edizioa izango da, eta ekainaren 14an ospatuko da Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoan. Beti bezala, diseinua, berrikuntza, tradizioa eta jasangarritasuna izango dira ardatz nagusiak.
Euskara, Kultura eta Kiroleko foru-diputatu Leixuri Arrizabalagak, ekitaldiaren zuzendari Alberto Sinpatronek, eta Basque BioDesign Centerreko ordezkari María Pastor Corralesek aurkeztu zuten zer programazio izango duen urteko moda-ekitaldi horrek, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta eta Alberto Sinpatronen zuzendaritzapean eta Basque Biodesign Center-en laguntzarekin.
Leixuri Arrizabalagak azaldu duenez, "La Encartada Moda espazio paregabea da diseinuko profesionalek, bertakoek zein nazioartekoek, euren talentua erakutsi, idea barriak aztertu eta modaren sektorean bidea egiteko." Gainera, edizio berri honetan estreinatuko den ekitaldiaren irudi berria aurkeztu du diputatuak, "moda, artea, berrikuntza eta jasangarritasuna uztartzen dituen programa anitza" hartuko duena.
Oraingo honetan, La Encartada Modan, tokiko eta nazioarteko 25 diseinu-firma eta -profesionalen lanak erakutsiko dituzte. Desfileak, erakustaretoak, tailerrak, eskola magistralak, mahai-inguruak, hitzaldiak eta instalazio artistikoak, horiek guztiak dira askotariko programazio baten ardatza, eta horiek guztioriek bihurtzen dute topagune La Encartada Moda, hau da, diziplinen, belaunaldien eta modaren etorkizuneko ikuspegien topagune.
10:00etatik 22:30era, bertaratuek La Encartada Fabrika - Museoaren inguruneaz gozatu ahal izango dute, egun osoan zeharreko musikaldietan, jaki-autoetan, eta modari lotutako jardueretan.
La Encartada Moda talentu biltzailea da; izan ere, modaren esparruan sortzen den talentua eta talentu kontsolidatua elkartzen ditu. Gainera, moda-ekitaldi paregabea da La Encartada Fabrika - Museoa ospakizunerako leku berezia delako. Ehun-fabrika zahar horrek ia osorik kontserbatzen ditu jatorrizko makinak eta hornidura mekaniko guztia; hori dela eta, Europa osoko eta, seguruenik, mundu osoko industria-ondareko elementurik berezienetako bat da. Museora joatea XIX. mendeko fabrika zahar batean murgiltzea da, garai hartako azken puntako makinak dauzka eta.
Aurtengo edizioan, izen handiko diseinatzaileak daude, adibidez, Maison Mesa, JNORIG, Jaione Anzola, H05, Andoni Beitia, Mistress, Desbocado Studio eta Who 's Nia Studio. Egunean zehar, zenbait desfile egingo dituzte euren diseinuak erakusteko. Gainera, Jeremy Sebaounek eta Elie Saadak -Rick Owensekiko lankidetzan aritzeagatik nazioartean ospetsua den Frantziako Paradoxe Paris enpresa ezagunaren sortzaileek- denim artistikoan espezializatutako tailer bat emango dute, bai eta euren ibilbide eta ikuspegi sortzaileari buruzko hitzaldi bat ere. Euskal diseinatzaile ezagun María Clé Lealek ere parte hartuko du, Mercedes Benz Fashion Talent Award eta By Ecoembes Laborategiaren errekonozimendua bezalako sarien irabazlea da bera, eta moda zirkularraren esperientzia partekatuko du eskola magistral batean.
Ekitaldiaren erdigunean, jasangarritasuna eta esperimentazio artistikoa daude berriz ere, suprabirziklatzea, generorik gabeko diseinua, material bioteknologikoak eta artisautza-prozesuak aztertzen dituzten proiektuak, alegia. Erakustaretoetan, Valeria Irisarri, Pink Parma, Abaunza & Co Serigrafia, Ane Takitto, Hostoa Aritz Gainean, H05, Voltaire Lab, Ganboa edo The Goood People markak ikusiko ditugu, eta, instalazio artistikoek, berriz, fabrika zaharra ehun-galeria bizidun bihurtuko dute, Asier Quintanaren, Curious Orangeren eta Paradoxe Paris beraren obrei esker.
Mahai-inguru bat ere egingo da gai honi buruz: Modaren inpaktua murrizteko prozesuak. Moda teknologikoaren etorkizuna. Eta horretan parte hartuko duten hiru adituk beren berrikuntzen berri emango digute: Begoña García (Jeanologia) ingeniaria da, ehun-jasangarritasunean aditua, eta ekoizpenaren ingurumen-inpaktua neurtzeko EIM estandarraren sortzailea. Francisco Kuhar (Innomy): mikelioan espezializatutako ikertzailea da Cordobako Unibertsitate Nazionalean (Argentina), eta BIC Bizkaian mikelio bidezko materialak garatzeko egiten den proiektuetako bat zuzentzen du. GAIKER euskal zentro teknologikoan, ikertzen dute nola erabili polimeroak biooinarritutako ehunetan, eta irtenbide berritzaileak zabaltzen dituzte material aurreratuetan eta ekonomia zirkularrean.
Ekitaldia amaitzeko, Curious Orangeren "Angeli Perduti" performancea izango dugu. Proposamen eszeniko horretan, moda, musika eta mugimenduan dagoen gorputza uztartuko dira, eta burura ekarriko digute janzteko eta existitzeko modu berriak eskatzen dituen aro bateko azken dantza poetiko bat.
Desfileetara, tailerrera, eskola magistralera, hitzaldira eta mahai-ingurura joateko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, webgunean. Jarduerak doakoak dira, bi hauek izan ezik: Paradoxe Parisek emandako tailerra (20 euro) eta María Cléren eskola magistrala (10 euro).