Arau eta erregelamendu testuak pertsona guztiei eta, batez ere,desgaitasunaren bat edota irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei, hurbiltzearen aldeko apustuan Abanto Zierbenako Udalak irakurketa errazera egokitu du "Abanto Zierbenako emakumeen eta gizonen berdintasunerako V. plana (2024-2027)". Herritar guztiek ulertu eta inplementazioan parte hartu ahal izatea bermatu nahi da, gaitasun kognitiboak eta intelektualak edo irakurmena ulertzeko gaitasuna alde batera utzita.

"Abanto Zierbenako Udaleko Berdintasun arlotik herritar guztiek prozesu demokratiko eta sozialetan parte hartzeko eskubidea eta inklusioa sustatzen dugu, eta, beraz, Plan hau herritar guztiek eskura izatea ziurtatzea funtsezkoa da berdintasun eraginkorra lortzeko” azaldu du Alazne Zenekorta Larrieta Gizarte Ekintza, Berdintasun eta Euskara zinegotziak.

Irakurketa errazeko testuak idaztea dokumentu ulergarriagoak sortzeko modu bat da pertsona guztientzat, ez bakarrik desgaitasunen bat dutenentzat, baita etorkinentzat, adinekoentzat edo irakurtzeko ohituran berandu sartu direnentzat ere, besteak beste.

Gallarreta lantegietako langileek adierazi duten bezala, "azken urteotan aurrerapen garrantzitsuak ikusi ditugu. Gero eta espazio, zerbitzu eta erakunde gehiago hasten dira irakurketa erraza erabiltzen eta horren garrantzia baloratzen. Hala ere, oraindik bide luzea dago egiteko. Oraindik ere jende askorentzat eskuraezina den informazio gehiegi dago. Horregatik, erakunde publiko eta pribatu guztiek beren dokumentazioa irakurketa errazean eskaintzeko konpromisoa har dezatela eskatzen dugu, horrela bakarrik eraikiko baitugu gizarte inklusibo bat, non pertsona guztiok baldintza berdinetan ulertu, erabaki eta parte hartu ahal izango dugun ".

Berdintasunerako V. plana 2024ko apirilaren 25ean onartu zen, eta lan hori planaren inplementazioaren parte da. Egokitzapen horretan, Euskadiko irakurketa errazaren lankidetza izan da, eta erakunde bereko erabiltzaileek baliozkotu dute. Lanak hizkuntza argia eta zuzena du, konplexutasunak ezabatzen dituena eta teknizismoak modu errazean azaltzen dituena, nahi duen pertsona orok informazioa eskuratzeko aukera izan dezan.