MusEkintzak kontzertu bana eskainiko du Muñatones Gazteluan eta Arrantzaleen Museoan
MusEkintzaren hurrengo ekitaldia Arrantzaleen Museoan izango da, Bermeon, non Mikel Urdangarinen kontzertu akustikoa eskainiko den: ahots eta gitarrako errezitaldi intimo bat, museoan bertan. Kontzertuan, Urdangarinek bere karrera arrakastatsuko kantak aletuko ditu, maiatzaren 10ean, 12:00etan. Kontzertu horretarako sarrerak jadanik agortuta daude.
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako MusEkintza jaialdiak jarraitzen du Bizkaiko hainbat museotan doako ikuskizunez gozatzeko aukera eskaintzen. Programazioa gero eta gehiago aberasten da jendearentzako jarduera irekiak eskainiz foru-erakundeak kudeatutako bederatzi gunetan. Oraingoan, epea dagoeneko irekita dago izena emateko Ganso & Cía-ren Welcome & Sorry ikuskizunaz gozatzeko, non bi antzerkizalek Hamlet antzeztuko duten, jatorrizkoarekiko fideltasun osoz. Dozena bat artista eta teknikariren lana egin behar dute, eta Shakespeareren hizkuntzan antzeztu, batere talenturik eta trebetasunik gabe, baina hori ez da eragozpen izango. Edo bai? Williamek burua altxatuko balu... igual ez legoke harro, baina gutxienez barre batzuk egingo lituzke. Welcome & Sorry kaleko antzerki-ikuskizuna da, teatroaren ofizioa ikusarazten duena klasiko handiak eta haien inguruko estereotipoak parodiatuz. Clown hotsean antzeztutako keinu-komedia bat, ikusle guztientzakoa; Muñatones Gazteluan egingo da, Muskizen, 12:00etan.
Jaialdiak askotariko eskaintza zabala du: antzerkitik hasi eta dantzaldi, kontzertu eta diziplinarteko ikuskizunetaraino. Programazioa 2024ko azaroaren 16an hasi zen Bilboko Arkeologia Museoan, Mikel Santiago idazleak diseinatutako misteriozko joko batekin. Sarrerak berehala agortu ziren eskainitako bi emanaldietan. Harrezkero, MusEkintzak hainbat esperientzia artistiko eskaini ditu; haietako bat, Lapiel Antzerkiak taldearen Urargi obra interaktiboa, otsailaren 8an eman zen Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Orobat, martxoaren 15ean, A Film to Kill For aurkeztu zuten El Pobaleko Burdinolan, Muskizen, non filmaketa bat antzeztu zen ikusleen parte-hartze aktiboarekin. Martxoaren 22an, Osa+Mujika aritu ziren La Encartada Fabrika-Museoan. Apirilaren 12an, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Eñaut Gorbeiak lantegi didaktiko bat eskaini zuen, eta Naita Produkzioek, berriz, ITSAS (h) ONDOKOAK ikuskizuna.
Eta MusEkintzak jarraitzen du, Mikel Urdangarinen kontzertu akustikoarekin, maiatzaren 10ean, Arrantzaleen Museoan, eta Ganso & Cía-ren Welcome & Sorry ikuskizunarekin, maiatzaren 31n, Muñatones Gazteluan, Muskizen. Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkea izango da hurrengo agertokia, non Zirkozaurre arituko den ekainaren 14an, eta jaialdia ekainaren 28an amaituko da, Santimamiñen (Kortezubi), Golden Apple Quarteten kontzertuarekin. Umore eta musikazko ikuskizun horrek itxiko du aurtengo edizioa.