Lea Artibai eta Busturialdeko kooperatibek Euskoopaldia topaketa ospatu dute
Bi eskualdeetan errotuta dauden proiektuek euskararekiko konpromisoa berretsi dute
Euskaraldiaren laugarren ediziorako aste gutxi falta direnean, eta Kooperatiben Mahaiak antolatuta, Lea Artibai eta Busturialdeko kooperatibak Euskoopaldian bildu ziren, kooperatibismoari buruzko esperientziak partekatzeko eta, aldi berean, euskara suspertzen laguntzeko topagunea.
Maier, Burdinola, Kide, Cikautxo eta Eika kooperatibetako ordezkariek parte hartu zuten topaketan, eta kooperatibismoaren zailtasunak eta erronkak izan zituzten hizpide. Testuinguru horretan, esperientzietatik eratorritako esperientziak, lorpenak eta etorkizuneko erronkak ere partekatu zituzten euskara-planekin. Eskualdeko arlo sozioekonomikoan euskararen normalizazioan aktiboki lan egiten duten kooperatiba hauek Euskoopaldiaren bidez elkar ezagutzeko eta elkarrekin ikasteko aukera izan zuten, elkarren arteko harremana eta lankidetza sustatuz.
Jardunaldiaren egitarauaren barruan, bertaratutakoek Eikako fabrika ezagutzeko aukera izan zuten, eta ondoren mahai-inguru batean bildu ziren esperientzia eta erronkei buruz hitz egiteko. Programari amaiera emateko, aperitibo bat eta umorezko ikuskizun bat eskaini ziren, giro atsegin eta parte-hartzailean. Azkenik, Euskaraldiko kooperatiben “hamaikakoaren” argazkia atera zuten, euskararen normalizazioari bultzada irmoa emateko.
Topaketa hau pauso garrantzitsua izan zen kooperatiben arteko lankidetza, konfiantza eta euskararen aldeko konpromisoa indartzeko.
Gogoratu behar da Elkar mugituz egingo dugu lelopean, 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo dala laugarren Euskaraldia.
Aldi honetarako, Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatu eta ekimena bera berrabiaraztea proposatu dute, egun konkretu batzuetako ariketa soziala izatetik, “nazio mailan, euskararen lurralde osoan, eta denok batera egiten dugun dinamika” izatera pasa dadin. Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendu soziala da, Euskal Herri osoan eragiteko sortua. Mugimenduak herritarren hizkuntza-praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitu nahi du, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz eta 11 eguneko praktika sozial masibo bateratu baten bidez.
Euskaraldiaren helburua euskararen erabilera aktibatzea eta gizartean errotzea da, eta Busturialdeko eta Lea Artibaiko kooperatibek bat egin dute ekimenarekin