Lau estreinaldi zinematografiko proiektatuko ditu aste honetan Ermua Antzokiak
Programazioa ostegunetik astelehenera bitartean eskainiko da
Alain Guiraudiek zuzendutako ‘Misericorde’, benetako gertakarietan oinarrituta dagoen ‘The Alto Knights’, Borja Cobeagaren ‘Los Aitas’ eta umeentzako ‘Minecraft filme bat’ izango dira Ermua Antzokiak ostegun honetatik igandera bitartean proiektatuko dituen lau filmak, apirilari amaiera emateko.
Osteguneko zineklubak ‘Misericorde’ izenburua eskainiko du jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpitituluekin. Alain Guiraudiek zuzendu duen ekoizpen frantziarra da, 2024an estreinatua eta ia bi ordu irauten duena. Thriller dramatiko honek film onenaren Urrezko Espiga jaso zuen Valladolideko ‘Seminci’ jaialdian eta gidoi onenaren saria Frantzian. Jérémie bere herrira itzultzen da Jean-Pierre buruzagi ohiaren hiletarako. Desagertze misteriotsuak, auzokide mehatxagarriak eta apaiz arraro batek ustekabeko bira eragingo diote Jérémieren egonaldi labur eta lasaiari. Ostegunean, 20:30ean.
Atal komertzialean, larunbatean eta astelehenean, 19:30ean eta 20:30ean, hurrenez hurren, benetako gertakarietan oinarritutako ‘The Alto Knights’ drama ikusi ahal izango dugu, Robert de Niro aktorea protagonista duena. Aurten estreinatutako ekoizpen iparramerikarra da, bi ordu irauten duena. Filma New Yorkeko krimen antolatuaren buruzagi nabarmenetako biri jarraipena egiten die, Frank Costello eta Vito Genovese, hiriko kaleen kontrola lortzeko lehian.
Asteko bigarren proposamen komertziala Borja Cobeaga zuzendariaren ‘Los Aitas’ ekoizpen espainiarra da. Komedia honek 80ko hamarkadako aitatasuna hizpide du, 88 minutu irauten ditu lanak. Aktore taldean Mikel Losada ermuarra dago, Quim Gutierrez, Juan Diego Botto, Iñaki Ardanaz eta Ramon Barearekin batera, besteak beste. 80ko hamarkadaren amaierako Bilboko periferian eta langileriaren guneetan kokatzen da zinta. Haurrentzako gimnastika erritmikoko talde batek txapelketa batean parte hartzeko aukera du Berlinen. Amak ezin dutenez alabekin joan, aitak egingo dute bidaia. Larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean ikusi ahal izango dugu.
Azkenik, igandean, 17:00etan, ‘Minecraft filme bat’ filma ikusteko aukera izango dugu gaztetxoenaren eta familiarentzako emanaldian. Abentura, bideo-joko eta fantasiazko ekoizpen iparramerikarra. Ongi etorri Minecraften mundura. Sormenak sortzen laguntzeaz gain, funtsezkoa da bizirik irauteko.