Urtero bezala, Getxoko Udalak martxan jarri du aurten ere bai udan etxean saharar umeak hartzeko Oporrak Bakean-Vacaciones en Paz izeneko ekimen solidarioa. Programa honek harrera bikaina izan ohi du urtero, eta aurtengo edizioa ez da ezberdina izango. Hala, datorren larunbatera arte, hau da, martxoaren 15era arte, egongo da zabalik ATFAL Sahararen aldeko Getxoko elkarteak, Udalarekin batera, abiarazten duen ekimen polit honetan parte hartzeko izena emateko epea.
Oraingoan Esperantzari leiho bat. Hartu etxean lelopean, ohi bezala, harrera-programa honetan udalerriko egoiliarrek zein bertan lan egiten dutenek har dezakete parte.
Ekimenak 2015ean jaiotako saharar haurrei, uztailean eta abuztuan, Aljeriako Tindoufeko errefuxiatuen kanpamenduetako errealitate gordina ahaztu ahal izateko aukera eskainiko die, beren oinarrizko beharrizanak asetze aldera.
Udalak kanpamentuetatik etortzeko eta joateko bidaiarako, txangoetarako eta ekitaldietarako ematen du diru-laguntza, besteak beste. Pertsona interesatuek izen-ematea egin edo informazioa eska dezakete 658 751 359 / atfalgetxo@gmail.com edo Udaleko Lankidetza sailean, 94 466 00 17 / lankidetza@getxo.eus.
2.682 kilo Karabanarako
Aurten 2.682 kilo elikagai eta oinarrizko produktu higieniko bidali dira saharar herriaren aldeko Euskal Karabana Solidariora, pasa den urtarrilean udalerriko ikastetxeetan eta Getxo Kirolakeko instalazioetan burututako bilketan. Udala, urtero bezala, ekimen horrekin elkarlanean aritu da, Aljeriako Tinduouf kanpamentuetan errefuxiatu sahararrek bizi duten elikadura-krisia arintzen laguntzeko.