Síguenos en redes sociales:

Gaztelugatxerako bisita gidatuak eskainiko ditu Bermeok Aste Santuan

Dagoeneko erreserbak egin daitezke Bizi Bermeo webgunearen bitartez

Gaztelugatxerako bisita gidatuak eskainiko ditu Bermeok Aste SantuanPixabay

Azken urteetan bezala, Bermeoko Udalak Gaztelugatxeko San Juanerako bisita gidatuak eskainiko ditu Aste Santuan. Hala, apirilaren 17tik 21era bitartean, Turismo Bulegoak autobus zerbitzu berezia eskainiko du, bisita gidatuez gain.

Bisitek hiru helburu nagusi dauzkate: garraio publikoa sustatzea CO2 emisioak murrizteko eta aparkatzeko arazoak saihesteko, bisitariak Bermeora erakartzea, eta hauek Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak zeintzuk diren lehen eskutik jasotzea.

Bermeoko Turismo Bulegoak hurrengoa eskaintzen du: Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanerako joan-etorria autobusez, gida laguntzailea eta Gaztelugatxera sartzeko tiketaren kudeaketa. Gutxi gorabehera, hiru orduko bisita gidatuak dira, eta 09:30ean eta 11:30ean aterako dira Lamerako autobus geltokitik.

Dagoeneko erreserbak egin daitezke Bizi Bermeo webgunearen bitartez. Nagusiek 14 euro ordaindu beharko dituzte, 6 eta 16 urte bitartekoentzat 9 euro izango da, eta euro bat ordaindu beharko dute, berriz, 6 urtetik beherakok. Gehienez, 6 urtetik beherako 2 ume joan ahal izango dira helduen erreserba bakoitzeko. Informazio gehiago behar dutenek Turismo Bulegoan bertan eska dezakete, 94-617 91 54 telefono zenbakira deituta, turismoa@bermeo.eus helbidera idatzita edo Bizi Bermeo webgunean bertan.

Gaztelugatxeko San Juan Bermeoko zati eta esentzia da. Modu horretara, bisita gidatu hauen bitartez, bisitariek Gaztelugatxeko San Juanen nortasuna hobeto ezagutzeko aukera izango dute, bermeotarren sinesmen, erritu eta ohituren bidez; baseliza ere bisitatutako dute.

Era berean, Gaztelugatxeko San Juan inguruko ingurumen-berezitasunak ezagutzeko aukera izango dute erreserba egiten dutenek. Inguru eder horretan, Matxitxako lurmuturra ere badago, bere bi itsasargiekin. Hala, inguruko historiari eta jarduerari lotutako baliabideak eta bitxikeriak ere azalduko dizkiete.

“Ingurune babestu hori guztion artean zaindu beharra daukagu. Zerbitzu honekin Gaztelugatxeko San Juaneko esperientzia bultzatu gura dugu, ikuspegi ekoturistiko batetik”, adierazi dute Turismo Bulegoko arduradunek.