Martxan da herritarren entzute aktiborako sortutako 'Auzoekin Batera' izeneko programa. Durangoko Udalak asteazken honetan, martxoaren 5ean, egin zuen Tabiran programa honen lehenengo bilera, parte-hartze handia izan zuena. Bertan, hainbat herritarrek modu aktiboan parte hartu zuten eta euren ekarpenak udal gobernuari helarazi zizkioten.
Durangoko alkateak, Mireia Elkoroiribek, balorazio positiboa egin du "Auzoekin Batera" ekimenaren lehen jardunaldiari buruz, eta azpimarratu du herritarrekin zuzeneko elkarrizketa espazioak sortzea ezinbestekoa dela. "Atzo, asteazkena, 'Auzoekin Batera' ekimenari ekin genion Tabiran, herritarren kezkak eta proposamenak zuzenean jasotzeko eta auzoak hobetzeko helburuarekin. Kalean izan ginen, herritarrekin zuzenean hitz egiten, euren beharrak eta ideiak entzuten. Jasotako ekarpenak oso baliotsuak izan dira Durango hobea eraikitzen jarraitzeko, eta bihotzez eskertu nahi diegu parte hartu duten pertsona guztiei. Gaur San Fauston izango gara eta ostiralean San Roken egongo gara. Herritar guztiak animatu nahi ditugu entzute aktiboko prozesu honetan parte hartzera. Zuen beharrak eta proposamenak aztertu eta horiei erantzuteko konpromisoari eusten diogu", adierazi du.
Gaur, martxoaren 6a, osteguna, prozesuak San Fauston jarraituko du, eta ondoren, herriko beste auzo batzuetan egingo dira bilerak. Bilkura guztiak 18:00etan hasiko dira, ondoko puntuetan:
- San Fausto: Martxoaren 6a, osteguna – San Fausto plaza.
- San Roke: Martxoaren 7a, ostirala – San Roke parkea.
- Madalena: Martxoaren 11a, asteartea – Madalena parkea.
- Landako: Martxoaren 12a, asteazkena – Landako parkea.
- Erdialdea: Martxoaren 13a, osteguna – Udaletxe plaza.
Bilera guztiak amaitu ondoren, Udalak jasotako ekarpen guztiak aztertuko ditu, horien bideragarritasuna eta auzoen hobekuntzan izango duten eragina baloratuz. Gainera, kontu-emate saio bat egingo da, proposamenak udal planean nola integratuko diren azaltzeko.
Parte-hartze prozesu honek aurrekontu parte-hartzaileen abiaraztearekin batera dator, eta aurten inbertsioa 600.000 eurora igoko da, auzoetan antzemandako beharrei modu eraginkorragoan erantzuteko. Herritarrek Parte Hartu Durango plataformaren bidez parte hartu ahal izango dute erabaki-prozesuan.
'Auzoekin Batera' ekimenarekin, Durangoko Udalak herritarren parte-hartzearekin duen konpromisoa berresten du, Durango inklusiboago, iraunkorrago eta herritarren beharretara egokituago bat eraikitzeko helburuarekin.