2024ko udaberrian egindako euskararen erabileraren neurketan jasotako datuen arabera, Lekeitioko 45 eta 64 urte bitarteko biztanleen %59,3k erabiltzen dute euskara, hau da, 45 urtetik gorakoen elkarrizketa ia erdiak gazteleraz dira. Aldiz, 25 eta 44 urte bitartekoen %73,9k erabiltzen dute euskara. Datu horien arabera, Lekeitioko elkarteak kezkatuta agertu dira eta, horren ondorioz euskararen erabilera sustatzeko hainbat jarduera jarriko dituzte abian.
Udal iturriek adierazi duten bezala 0-25 adin tartean erabilera osasuntsu dagoen arren, 24-44 tartean ageri da lehenengo gainbehera, “hala ere, 45 urtetik gorakoen arteko datuek kezkatzen gaituzte gehien. Adin tarte honetan, erdira jeitsi da euskararen erabilera”. Honen aurrean, herria antolatu beharra dagoela azaldu dute eta hiru eremutan hasiko dira lanean ardura ezberdinak hartuz.
Alde batetik, ikastetxeak, ume eta gazteentzako egitaraua osatuko dute. Honen helburu nagusia zera izanik, euskera erakargarria izatea eta gazteen artean presente egotea. Era honetan, adin tarte honetako datu baikorrei eustea litzateke asmoa eta ahaleginak egin are hobeak izan daitezen. Izan ere 15 eta 24 urte bitartekoen artean %78,3k erabiltzen dute euskara eta 0 eta 14 urte bitartekoen artean %84,1k.
Bestalde, kirol taldeek ere konpromisoak hartu dituzte eta. Lekeitioko kirolariak, gazteak direla jakitun, dekalogo bat sinatu dute euskara babeste aldera, aurten praktikan jarriko dena. Eta barne eta kanpo komunikazioa, baita kirol monitoreen harremanak euskaraz izateko hautua egin dute.
Horrez gain, Lekeitioko euskara taldeak, 45 urtetik gorakoen erabilera datuak oso larriak direla jakinik, Euskaraldia hartuko du abiapuntutzat eta horrekin batera ekimen ezberdinak burutuko dituzte adin tarte honetako egoera iraultzeko asmoz.
Eta guzti horrekin batera, Udalak beste jarduera batzuk ere jarriko ditu abian: Bai Euskarari ziurtagiria zabaldu herrian, Dendarientzat eta tabernarientzat euskara ikastaroak antolatu, kulturartekotasunean eragin, eta hileroko udal euskara batzordean lanean jarraituko dute herriko eragileekin batera.