Madrilen urtarrilaren 26ra arte ospatzen ari den Turismoaren Nazioarteko Azokan (FITUR) hartu du parte aurten Mungiak, Alaitz Erkoreka alkatearen bitartez. Alkatearekin batera Turismo zinegotzi Nagore Torre izan da baita ere.
Horrela, Alaitz Erkorekak Mungiako erakargarritasun turistikoa nabarmendu du: "gune irekien eremua da, muinoez eta mendiz inguratua, horien artean Butroe ibaia iragaten da, ugari dira errekasto eta lurpeko iturburuak, antzina 20 errota baino gehiago funtzionarazten zituztenak, eta oraindik ere horietako batzuk kontserbatzen dira". Halaber, Mungiak herri gisa duen nortasun, ondare, tradizio, gastronomia, historia eta kulturaren adierazgarri diren leku hain gureak eta enblematikoak hurbiltzeko eta ezagutarazteko aprobetxatu du.
Era berean, Alaitz Erkorekak, Cittaslow estatuko sareko presidente gisa, sareak eta Mungiak sustatzen duten Cittaslow sentimendua zer den azaldu du: "estresaren, presen, pilaketen, ilaren, zarataren eta asfaltoaren aurrean Slow hiriak agertzen dira. Abiadura moteltzen dute, bizi-kalitatea eta tradizioekiko, norberaren nortasunarekiko eta historiarekiko maitasuna erosotasunekin eta modernitatearekin bateragarri egiteko espazio bihurtzeko, hurrengo belaunaldiengan pentsatuz".
Ildo horretan, Cittaslow balioak aipatu ditu Erkorekak, baita mugimendu horren parte izateko behar diren baldintzak ere: "Cittaslow Spain sarea 2003an hasi zen sortzen, Palafrugellen ekimenez. Mungia 2008an atxiki zen lehen udalerrietako bat da. Gaur egun, 12 udalerrik osatzen dugu elkartea. Hirien ziurtapena kalitatea bermatzeko 72 baldintza betez ezartzen da, 7 eremu handitan banatuta: energia eta ingurumena, azpiegitura, hiri-bizitza, nekazaritza, turismoa eta artisautza, gizarte-kohesioa eta lankidetza".