Galdakaoko Urreta kiroldegiak ur puzgarriak izango ditu datorren ostiralean, abenduaren 27an, etxeko txikiek modu ezberdin, berezi eta dibertigarri batean goza dezaten. Puzgarriak bi txandatan erabili ahal izango dira: 10:45etik 12:00etara eta 12:15etik 13:30era.
Lau urtetik gorako umeentzako ekintza izango da, eta 12 urtetik beherakoek heldu batekin joan beharko dute. 8 urtetik beherakoek, heldu batekin egon beharko dute uretan. Pertsona heldu bakoitzak 5 ume gehienez eduki ahal izango ditu bere kargu.
Kiroldegiko abonatuentzat doakoa izango da ekintza, baina izena eman beharko dute, aurrez, Urretako kiroldegian bertan. Abonatuak ez direnek ere izena eman behar dute aurrez, eta sarrera erosi.
Haurrentzako ekintza hori egin ahal izateko, igerileku handia itxita egongo da egun horretan, 9:00etatik 15:30era.
Galdabusaren ordutegi berezia
Gabonak direla eta, Galdakaoko Udalak hainbat ekimen prestatu ditu herritar guztiek, helduek zein gazteek, Gabonetako giroaz goza dezaten. Jarduera horietako batzuk kalean egingo dira eta trafikoan eragina izango dute. Horregatik, Galdabusak abenduaren 24, 26, 27 eta 31n egokitu egingo ditu bere ordutegiak eta ibilbideak.
Zehazki, hilaren 24an eta 31n, bi lineen zerbitzua arratsaldeko 16:00etan amaituko da. Lehenengo egunean, Olentzerori eta Mari Domingiri ongietorria emateko kalejira dela eta. Abenduaren 31n, berriz, San Silvestre lasterketa egingo delako, Galdakao Atletismo Taldeak antolatuta.
Bestalde, abenduaren 26an eta 27an Gabonetako Haur Parkea izango da Elexaldeko kiroldegian. Horregatik, bi egunetan zehar, 1 Linea Elexaldeko geltokiraino igoko da ibilbide guztietan, Gabonetako Haur Parkera doazen pertsonek udaletxean autobusez aldatu behar izan ez dezaten.
Abenduaren 25a eta urtarrilaren 1a jaiegunak dira, eta beraz, ez da Galdabusa zerbitzurik izango egun horietan.