Etxebizitzaren arazoa arintzeko helburuz Galdakaoko Udala hartzen ari den neurrien artean, datozen urteetan bizitokiak eraiki ahal izateko oinarriak jartzen ari da. Etxebizitzen prezioak mugatzeko helburuz gune tenkatu izendatzeko eskaera aurkeztu zuenean, hiru urterako plangintza egin zuen Udalak herri osorako, eta, beste neurri batzuen artean, etxebizitza publikoak eraikitzea proposatu zuen.
Zehazki, hurrengo hiru urteetan Galdakaoko Bengoetxe auzoan urbanizagarria den eremu bat garatzeak bi ardatz izango ditu. Batetik, babes ofizialeko 104 etxebizitzen eraikuntza. Bestetik, zuzkiduretarako baliagarria izango den eremua erabilgarri jartzea. Eremu hori, 3.879,10 metro koadrokoa, Eusko Jaurlaritzari lagako dio Udalak, bertan zuzkidura bizitokiak egin ditzan, hala erabakitzen badu. Zehazki, 36 eta 48 bizitoki artean egin ahalko ditu Jaurlaritzak lursail horretan.
Etxebizitzaren inguruan Galdakaoko Udala hartzen ari den neurrien artean kokatzen da arestian aipatutakoa. Aurten 60 bizitoki eraiki eta oso alokairu merkean eman ditu herriko gazteen eta guraso monoparentalen artean, etxebizitza hutsak erabil daitezen banan banako lanketa egiten ari da, gazteentzat emantzipaziorako udal bulegoa zabaldu du eta irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko diru laguntzak ematen hasiko da datorren urtean. Beste laguntza garrantzitsu bat ere emango du Udalak udaberritik aurrera: gazteei diru laguntzak emango dizkie alokairua ordaintzen laguntzeko, emantzipatzeko aukera izan dezaten.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">