Galdakao izango da aurtengo Bizkaidendak merkataritza galaren egoitza. Udalak posible egingo du ekimen hau udalerrian ospatzea Gu Dendari merkatarien elkartearekin batera egindako lanari esker.

Beraz, Galdakaorentzat aurtengo edizioaren egoitza izateak Udal honek tokiko merkataritzari ematen dion laguntza indartzea eta Galdakaoko eskaintza komertzial anitzari balioa ematea dakar.

Horrela nabarmendu du Iñigo Hernando alkateak ekimenaren aurkezpenean: “guretzako pozgarria da Galdakaon egitea horrelako ekimen bat. Une aproposa da jendea animatzeko herrian erostera eta herriko merkataritza sarea eta dendak indartzera”. Ildo horretan, merkatarientzat “gero eta garai zailagoak” direla aitortu du, “mugikorretik edozer gauza” momentuan eskuratu daitekeelako. Beraz, “hori egin beharrean Galdakaoko dendetan erosteko dei zehatza” egin du. 

Bere partez, sustapen ekonomikoko zinegotziak, Monika Bailonek, poza adierazi du: ”Bizkaidendak merkataritza gala hartzeaz oso harro gaude, Bizkaiko merkataritza guztiaren fokua Galdakaon jartzeko aukera bakarra da eta”. Beste aldetik, alkateak bezala, “berehalakotasun mundu honetan Udalak tokiko merkataritzarekiko duen apustua erabatekoa da”, adierazi du. Azkenik, “esker handiak” eman dizkie Galdakaoko merkatariei “egunero egiten duten lanagatik”.

Erakusleihoen lehiaketak eta sariak

Udalaren Sustapen Ekonomiko eta Enplegu Arloak antolatuta, ekitaldian Bizkaiko erakusleihoen lehiaketen saridunak ezagutuko dira. Horrez gain, Bizkaidendakek Bizkaiko merkataritza sektoreak hainbat kategoriatan egindako lana aitortzeko banatzen dituen sariak ere emango ditu: Etorkizun eta Berrikuntza; Ibilbide profesionala eta Euskera Zaindari. 

Horrela azaldu du Jose Andres Cebrecosek, Bizkaidendak Federazioaren lehendakariak. Gainera, ekitaldiari buruz, “urteroko maila gero eta altuagoa” dela esan du eta Galdakaok “are gehiago igoko” duela ziurtatu du. 

Beste aldetik, galaren barruan, Galdakaoko erakusleihoen lehiaketako sariak ere banatuko dira, herriko hogeita hamar saltokik parte hartu dutelarik. Parte hartzaileen artean epaimahai profesionalak aukeratuko ditu galaren egunean ezagutuko diren lau proposamen irabazleak.

Irabazleek Londresara bidaia izango dute bi pertsonentzat lehen sarian, Andra Mari eta Aretxondo jatetxeetan bi bazkari bigarren eta hirugarren sarietan, hurrenez hurren, eta Roquechar produktuen saski bat sari herrikoia lortzen duenarentzat.

Aurkezpenean Leire Loroño, Gu Dendari Elkartearen lehendakaria, eta Ana Guerrero, elkarteko kidea, ere izan dira. Haiek “komertzioak herria pizten” dutela nabarmendu dute eta arlo honetan “Udalak egiten duen lana eskertu” dute. Galari dagokionez, “oso polita” izango dela eta “bertan sorpresa asko” egongo direla aurreratu dute. 

Bizkaidendak merkatarien gala Torrezabalen izango da abenduaren 28an, larunbata, 20:00etan. Udal ordezkariez gain, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Aldundiko eta hainbat udaletako ekonomia sustatzeko ordezkariak eta Bizkaiko udalerrietako ia berrogeita hamar merkatari elkarte bertaratzea espero da.