Udalak urtero etxez etxe banatzen duen egutegia herritarrek ateratako argazkiekin osatutakoa izaten da, eta aukeraketa egiteko lehiaketa bat jartzen da martxan, urtez urte gai konkretu bat proposatuta. Aurtengo izenburua agian arraroa irudituko zitzaion bati baino gehiagori: Harria eta Taladrina. Horrela du izena 2022tik argitaratzen den koadernoak, herriko askotariko ondarea, eta bereziki industriala, lantzea abiapuntu duena.

Hortaz, ondare horren ikuspegia adierazteko eskatu zitzaien elorriarrei, eta sekulako uzta batu da azkenerako, udal iturriek baieztatu dutenez. Hainbestekoa, aurkeztutako argazki guztiekin erakusketa antolatzea erabaki duela Kultura sailak. Iturri Kultur Etxeko Udal liburutegiko apalategietan topatuko dituzte herritarrek udalerriaren zigilua daramaten irudiak. Aste honetatik aurrera daude zintzilik eta abenduaren 30era arte ikusi ahalko dira.

2025eko egutegirako 38 horietatik 13 izango dira aukeratuak, edonola ere, Udalak bere esker ona adierazi gura die argazki lehiaketan parte hartu duten guztiei. Erakusketa, beraz, eskerrak emateko modu bat ere bada.

ERAKUSKETA

Bestalde abenduaren 30 arte, Ana Herranz elorriar artistaren artelanek hartuko dute erakusketa-gelaren erdigunea Iturri Kultur Etxean. Figurazio, estela eta erliebeekin osatutako obra landu du azkenaldian, eta, horiez gain, bidaietan aterata

Ana Herranek irakaskuntza eta sorkuntza artistikoa uztartu ditu Arte Ederren fakultatean graduatu zenetik hona. Eskulturan espezializatua, ikuspuntu eta momentu ezberdinak adierazten ditu bere lanetan, espazio eta denborarekin jolas eginez eta koloreei garrantzi handia emanaz. Horretarako askotariko materialak erabiltzen ditu, hala-nola egurra, burdina edota harria.