Aurrera doa Abadiñoko Udalak tokiko talentua sustatzeko erronkarekin. Asteazken honetan goizean, urriaren 30ean, urtero ikusleen aldetik harrera bikaina izan ohi duen eta udalerrian garatzen den Antzerkiño Antzerki jaialdiaren edizio berria, bederatzigarrena izango dena, aurkeztu dute. Antzezlan guztiak Abadiñoko Errota kultur etxean ikusi ahal izango dira. Beti bezala, adin guztietako jendearentzat egongo da jaialdiaz gozatzeko aukera, programazio zabal-zabala eskainiko baita. Jaialdi hau Abadiñoko Udalak antolatzen du, Banarte Antzerki taldearekin elkarlanean.
Azaroaren 9an, larunbatean, ‘Escándalo’s Club’ lana izango dugu oholtzan, Taboadela Antzerki Eskolaren eskutik. Hilaren 10ean, igandean, ’75 puñaladas’ lana eskainiko du Txintxaun Antzerki Kolektiboak. Asteburu bat beranduago, azaroak 16, ‘Picoterapia’ antzezlana egongo da ikusgai, LaTEAdeTRO konpainiaren eskutik, eta egun bat beranduago, 17an, umeentzako ikuskizuna eskainiko da Errotan: ‘Katagorriaren Elezaharra’, La Baldufa taldeak eskainita.
Antzerki jaialdiak azaroaren 24ak zarratuko du programazioa, Jon Plazaolaren ‘Tu Tum Platz’ ikuskizunarekin. Sarrera guztiek 3 euro balioko dute eta 19:00etan hasiko dira, azaroaren 17ko umeentzako ikuskizuna izan ezik; umeentzako antzerkia 17:00etan hasiko da eta euro bat bakarrik balioko du sarrerak. Jadanik salgai daude Errotan eta Udal Mediatekan.
Udalak eta Banarte Antzerki Taldeak antzerkiaren jaialdi handi honetara hurbiltzeko deialdia luzatu dute, “hain ikusgarria den eta emozioz betetzen gaituen arteaz gozatzeko aukera paregabea” dela azpimarraturik.