Abadiñoko Udalak 130.000 euroko aurrekontua bideratuko du 2024-2025eko aurrekontu parte-hartzaileetara. Ekimen horri esker, abadiñarrek udalerria hobetzeko proposamenak egin ahal izango dituzte lehenengo fasean, eta behin proposamen hori aurkeztuta, bozketa fasean euren proiektu gustukoenak aukeratuko dituzte.
Hain zuzen, lehen fasea urriaren 28an irekiko da: proposamenak batzearena. Lehen prozesuan, 16 urtetik gorako norbanakoek eta Abadiñoko elkarte eta taldeek proposamen bat argitaratzeko aukera izango dute azaroaren 17ra arte. Azaroaren 18an proposamen guztiak jasoko dira eta hilabete horretan zehar Udalak aztertu egingo ditu. Araudia betetzen duten proposamen guztiak, amaierako bozketarako aukeratuak izango dira. Amaierako bozketa abenduan izango da. Abadiñon erroldatutako herritarrek, hainbat proposamen bozkatu beharko dute eta boto gehien dituztenak martxan jarriko ditu Udalak.
Mikel Urrutia alkateak prozesuaren garrantziaz hitz egin du: “Aurrekontu parte hartzaileen prozesua, herritarrak ahaldundu eta udaletxeko erabakietan zuzenean parte-hartzeko tresna garrantzitsua da. Legegintzaldi honetan, aurrerapausoak ematen ari gara alor honetan, eta %30ean igo dugu egitasmo honetarako diru partida. Iaz, inoiz baino herritar gehiagok hartu zenuten parte, eta gaur egun udaletik garatzen ari gara aurrera irten ziren 3 proposamenak, baina, garrantzitsua litzateke parte-hartze mailan urrats kualitatibo bat ematea eta %10eko langara hurbiltzea. Izan ere, herritarrengandik zenbat eta ideia eta iritzi gehiago jaso, orduan eta gertuago egongo baita gure jarduna herritarren beharrizanetatik”.
Parte-hartzea
Abadiñarrek presentzialki aurkeztu ditzakete proposamenak: udaletxean, Errota Kultur Etxean, Traña-Matienako udal bulegoan eta Udal Mediatekan. Horrez gain, online bidez aurkezteko aukera ere eskainiko du Udalak. Herritar eta entitate bakoitzak proposamen bakarra egin dezake, eta norberarena aurkezteaz gain, gainontzekoak ikusteko eta horiei buruz iritzia emateko aukera egongo da, nahiz eta iritzia ez izan loteslea emaitzarekin edo fasez igarotzearekin.
Proposamenak
Proposamenek baldintza batzuk bete beharko dituzte: Lehenik, argitaratutako proposamenak Abadiñoko Udalaren eskumenekoa izan behar du. Bigarren baldintza, proposamen zehatza eta beti ere xedea edo helburua interes publikoarekin bat etorri beharko duena izatea da. Eta azkenik, proposamenak 1.000€-ko gutxieneko kostua eta 100.000€-ko gehienekoa eduki behar du.
Aurten berritasun bat izango dute proiektuen onartzeek eta faseek. Helburua proiektu txikiei ere bide ematea da. Bozketa fasean, herritarrek bozkatzen dituzten proposamen guztien artean, 15.000 eurora arteko aurrekontua duten bi proiektu bozkatuenak eta 100.000 eurora arteko proiektu bozkatuena eramango dira aurrera.
Edurne Maguregi alkateordeak berrikuntza honi buruz hitz egin du: “Abadiñoko aurrekontu parte-hartzaileetan, hobekuntza handia sartu dugu proiektuak hautatzeko prozesuan, inklusiboagoak izateko eta proiektu handiak zein txikiak gauzatu ahal izatea bermatzeko. Hori dela eta, aurten 15.000 eurora arteko aurrekontua duten proiektuen artean boto gehien jasoko dituzten bi proiektuak sartuko ditugu. Gure ustez, proiektu hauek, askotan eskuragarriagoak eta gure auzokideen berehalako beharretara egokituagoak, Abadiño inklusiboago eta berdinago bat eraikitzen jarraitzeko giltzarriak dira. Ikuspegi horrek bermatzen du bai proiektu handiek, bai txikiek, zeintzuek gure herriko bizi-kalitateari ere hobekuntza nabarmenak ekartzen baitizkiote, beren lekua aurkitzea aurrekontu parte-hartzaileetan”.