Abadiño izango da, astearte honetatik aurrera, kultur eta kirol elkarteen eta tokiko komertzioen informazio guztia eskura jarriko dituen eAgora izeneko plataforma erabiltzen duen Bizkaiko lehenengo udalerria.
Erabilera anitz eskaintzen dituen plataforma da eAgora. Herritarrek, eta era berean elkarte eta komertzioek, herriko agenda eta udalaren zein eragile bakoitzaren jarduera jarraitzeko balio du. Agenda amankomun bat sortuko da Abadiñoko Udalaren Agoraren barruan, eta edozein interesdun sartu ahal izango da bere mugikorretik herriko albisteak eta datozen ekintzak kontsultatzeko. Abadiñarrei ez ezik, Abadiñoko berriak eta jarduerak ezagutu gura dituen orori zuzendutako plataforma da. EAgorak aplikazioa du, bai iOS bai Android ekosistemarako. Bakoitzaren aplikazioen dendan egongo da eskuragarri.
Funtzio anitzeko plataforma
Agenda bateratu bat eta albisteen panel bat edukitzeaz gain, erabilera anitzeko tresna da eAgora. Aplikazioan elkarte eta komertzio bakoitzak bere promozioen berri eman dezake, eta dituzten jarraitzaile edo bazkide direnekin harremana estutu dezakete. Horrez gainera, herritarrek udalaren edo jarraitzen duten entitatearen jardunean parte hartzeko aukera eskaintzen du. Zelan? Esaterako elkarte eta komertzioek, udalak legez, prozesu partehartzaileak martxan jar ditzakete, baita euren komunitatearekin elkarrekintzak sustatu, erronka desberdinak planteatuz eta sariak eskainiz.
Horrez gain, beste hainbat funtzio eskaintzen ditu eAgorak herritarrei begira: Sarreren salerosketa, ikastaroetan izena-ematea, instalakuntzetako erreserbak egitea, alkatearekin hitzordua eskatzea, herrian ikusi duten intzidentziaren baten berri ematea… Horietako batzuk, ordea, ez dira hasierako bertsioan etorriko; izan ere, kurtso hasiera igarota, ikastaroak edota instalakuntzen erreserbak ohiko bidetik egiten jarraituko dira behin-behinean, prozesuari kalterik ez eragiteko.
Lehen saria, zozkatzeko
Urriak 22 dituelarik plataforma martxan jarrita, lehen saria zozkatuko da eAgoran. Hilaren 31ra arte, aplikazioa jaitsi eta Abadiñoko Agoran sartzen direnen artean 100 euro zozkatuko dira, eAgoran izena emanda dauden komertzioetan erabiltzeko. Horrez gainera, azaroaren 15a baino lehen izena eman eta 25 jarraitzaile lortzen dituzten elkarteen artean 150 euroko donazioa zozkatuko da.