Estatuko ipar-ekialdeko 94 kirolarik hartuko dute parte asteburu honetan, urriaren 12an eta 13an konkretuki, Abadiñoko Traña-Matienako erabilera anitzeko pabilioian ospatuko den Raw Barbell Powerlifting koparen lehenengo edizioan.
EAE eta Nafarroako klubez gain, Kantabriakoek, Errioxakoek, Burgosekoek, Soriakoek eta Segoviakoek ere parte hartuko dute. Ostegun arratsaldean egindako prentsaurrekoan, Raw Barbelleko kide den Joseba Etxegaraik “maila oso altuko parte hartzea” izango dela aurreratu zuen, aurkezpenean egon ziren Irati Izagirre eta Jaime Santillana adibidetzat joz.
Izan ere, Santillanak munduko errekorra edukitakoa da Juniorretan, 93 kilotik beherako mailan. “Ez da dagoen txapelketarik handiena izango, baina bai bereziena”, azpimarratu zuen. Hamalau kategoria egongo dira denera asteburuko lehiaketan, eta, Etxegaraik adierazi zuenez, “kategoria guztietako lehiak izango dira estuak eta ikusgarriak, batez ere zapatu arratsaldeko txandakoak, non bai emakumezkoen mailan bai gizonezkoenean sekulako ikuskizuna izango dugun”.
Bestalde, Izagirrek nabarmendu zuen emakumeen partehartzea Powerlifting-ean igotzen doala urterik urte, eta bere kategorian, 84 kilora artekoan, kirolarien zerrenda luzea ez bada ere, “pisu arinagoetan izen-emateak asko igotzen ari direla” adierazi zuen. Emakumeek gizonekin ordutegia partekatzea “positibotzat” jo zuen Izagirrek, “ordutegi garrantzitsuenetan ere parekidetasuna egon behar delako”.
Ordutegiak
Asteburua ia etenik barik arituko dira partaideak pisu altxatzeetan. Larunbatean 11:00etan, 14:30ean eta 17:15ean hasiko dira txandak, eta eguna 20:30ean amaituko da. Igandean ere 11:00etan ekingo diote lehiari, baina bezperan bano txanda bat gutxiago egongo da, eta 14:30ean hasi eta 17:00etan bukatuko da asteburuko azken lehiaketa txanda.