Bizkaiko Foru Aldundiak Adiskidetza Digitala proiektuaren barruan antolatutako lehenengo prestakuntza-tailerrek arrakasta nabarmena izan dute eta 200 pertsona baino gehiagok hartu dute parte. Proiektu hau Bizakiko 9 udalerritan gauzatu da, adinekoen arrakala digitala murrizteko asmoz eta digitalizazioaren abantailak herritar guztiengana iristarazteko. Lehenengo prestakuntza-saioa smartphonea erabiiltzen ikasteko tailerra izan da. Tailerretan parte hartzeko baldintza bakarra, nork bere mugikorra eramatea zen. Etorkizunerako, Foru Aldundiak 18 udalerritan garatu nahi du ekimena, urte amaierarako ia lurralde osora hedatuz.
Prestakuntza-ekintza horiek maiatzetik ekainera bitartean egin dira Durangaldean (Durango, Amorebieta eta Elorrio) eta Uribe Kostan (Mungia eta Sopela). Uztailean, prestakuntza-ekintzak Arratia Nerbioi (Igorre eta Urduña) eta Enkarterri (Balmaseda eta Karrantza) eskualdeetan egin dira.
Ager Izagirre Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua pozik agertu da programak izan duen harreragatik, eta berretsi egin du Foru Aldundiak Bizkai digital eta inklusibo baterantz aurrera egiteko duen konpromisoa, inor baztertu gabe: « Eraldaketa digitaleko prozesu batean gaude, non Bizkaia berrikuntza eta teknologiako erreferente bihurtu nahi den; prozesu horretan ziurtatu behar dugu aurrerapen horrek kolektibo guztiak barne hartzen dituela, betiere herritarrak gure ekimenen erdigunean jarrita. Digitalizazioan aurrera egin behar dugu, kolektibo guztietara egokituta. Digitala ezin da oztopo izan ».
Doako prestakuntza arrakala digitala murrizteko
Bizkaiko Foru Aldundiak abiarazitako Adiskidetza Digitala programaren prestakuntza-ekintza nagusia lau tailerrez (bat astean) osatuta dago. Tailerrak bi ordukoak dira eta euskaraz nahiz gaztelaniaz egin daitezke. Parte-hartzaileen kopurua mugatua da eta, beraz, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Hauek dira edukiak:
- 1. tailerra: Telefono mugikor adimendunaren (smartphone) hastapenak eta erabilera. Smartphoneen oinarrizko erabilerari eta aukerei buruzko hastapenak, esaterako, menuen bidezko nabigazioa, ikonoen erabilera eta funtzioen kudeaketa (deiak, argazkiak eta Interneteko konexioa).
- 2. tailerra: WhatsApp-aren erabilera: WhatsApp instalatzea eta konfiguratzea, pribatutasun-doikuntzak, multimediako mezuak eta fitxategiak bidaltzea, deiak egitea eta taldeak kudeatzea.
- 3. tailerra: Mezu elektronikoak eta Internet bidezko nabigazio segurua smartphonetik. Bilaketak Interneten, nabigazio segurua, posta elektronikoko kontuak sortu eta erabiltzea, mezuak erabiltzea eta online-ko iruzurrak saihesteko aholkuak
- 4. tailerra: Adinekoentzako aplikazio erabilgarriak. Eguneroko bizitza errazteko eta segurtasuna eta larrialdi- eta osasun-zerbitzuak eskuratzea hobetzeko aplikazioen erabilera praktikoa, esaterako, Google Maps, Google Fotos, Google Calendar, YouTube, SOS Deiak eta Osakidetza.
Hurrengo eskualde eta udalerriak
Irailetik aurrera eta urtea amaitu arte, prestakuntza-tailerrak beste bederatzi udalerritan ere egingo dira, hiru eskualdetan banatuta: irailetik urrira bitartean, Busturialdean (Gernika eta Bermeo) eta Lea-Artibain (Markina, Ondarroa eta Lekeitio), eta azaroan eta abenduan, Bilboko metropolialdean, zehazki, Getxon, Galdakaon, Ortuellan eta Bilbon.
Izena emateko modua eta online edukiak
Foru Aldundiak antolatutako prestakuntza-jardueretan aurrez aurre parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman behar dute. Ez da beharrezkoa prestakuntza ematen den udalerrikoa izatea, jarduerak herritar guztiei zuzenduta baitaude, bizitokia edozein delarik ere. Izena eman daiteke 94 426 88 44 telefonora deituz edo adiskidetza.digitala@bizkaia.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.
Programa honi buruzko informazio guztia Aldundiaren webgunean kontsulta daiteke: www.bizkaia.eus/eu/adiskidetza-digitala.
Web-atari horretan, edozein pertsonak egin dezake Adiskidetza Digitalari buruzko ikastaroa online, aurrez aurreko tailerretan parte hartu duen ala ez kontuan hartu gabe. Bertan, ikastaroko edukiak modu erraz eta erosoan azaltzen dira bideo labur batzuen bitartez, euskaraz eta gaztelaniaz.
Adinekoekin lankidetzan egin eta Estatuan saritua izan den proiektu bat
Adiskidetza Digitalaren proiektua abiarazi aurretik, lankidetzako dinamika bi garatu ziren Bizkaiko Adinekoen Kontseiluarekin eta Nagusiak elkartearekin. Baterako lan horri esker, adinekoen kolektiboak teknologia berrietan dituen beharrizanak identifikatu eta kolektibo horren arrakala digitala txikiagotzeko irtenbide espezifikoak ezarri ziren. Irtenbide horiek arlo desberdinetakoak dira, esaterako, teknologia berriei buruzko prestakuntza eta gaikuntza; horren ondorioz, tailerren egutegi hau egin da.
Foru Aldundiaren proiektu honek Berdintasun Digital Jasangarriko Estrategia Onenaren saria jaso zuen, Berrikuntzaren eta Zerbitzu Publikoen XII. Kongresu Nazionalean (Madril, 2022ko abendua).