Amorebieta-Etxanoko udal liburutegiak proiektu berri bat martxan jarri du. Berba lapiko deritzon egitasmo honen baitan, txoko bat atondu da liburutegiko espazioan eta hilero gai desberdinak jorratuko dira bertan. “Gune horretan, liburuak, komikiak, ipuinak eta informazio desberdina jarriko da herritarren eskura, hilabete horri dagokion gaiaren inguruan”, adierazi zuten udaleko arduradunek. Eta zentzu horretan, uztaileko gaia, kirola izango da eta, zehazki, olinpiadak jorratuko dira.

Ainhoa Salterain alkateak eta Jon Artabe zinegotziak gune berezia bisitatu zuten eta “ekimenaren helburua bizitzarekin eta herriarekin zerikusia duten gaiak jorratzea” izango dela aurreratu zuten. Beraz, “gune bizia izango da” eta gainera, hilabete horri dagokion gaiaren inguruan ekintza desberdinak ere antolatuko dira, hala nola, hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak, ipuin kontalariak; herrian bertan egiten diren beste ekintzekin uztartuz.

Egitasmo berriak Berba lapiko izena hartu du bi arrazoiengatik. “Lehena, berba, hitz, gai, liburu, komiki, amets, jakintza, eta ilusio askoren lapikoa izan nahi duelako eta bigarrena, kontu, berba, eta errealitate anitz eta askoren berri emango digulako”, defendatu zuten.