Síguenos en redes sociales:

KOBA Live jaialdiaren hirugarren edizioa aurkeztu du Abadiñok

Datorren astean, ekainaren 21ean eta 22an konkretuki, ospatu egingo da KOBA Live metal musika jaialdiaren hirugarren edizioa. Aurrekoetan bezala, kontzertuak Traña-Matienako eskoletan egingo dira.

Hamar taldek osatuko dute aurtengo edizioa: Dark Tanquillity (Suecia), Crisix (Katalunia), BRHG Bloodred Hourglass (Finlandia), Metalium (Alemania), Skeletoon (Italia), Dark Embrace (Galizia), Rise to Fall (Bilbo), Ad Eternum (Santurtzi), Alerta (Durangaldea) eta Sugoi (Elorrio). Azken hori azken orduan sartu da Diabulus in Musica taldearen ordez, talde nafarrak, osasun arazoengatik, ezingo baitu Abadiñora etorri. Hargatik, kontzertuen ordutegietan ere aldaketak egon dira.

Aurtengo edizioa, gainera, “denetan nazioartekoena” izango dela adierazi du Sergio Correa KOBA Liveko antolakuntzako kideak aurkezpenean. Hamar taldeetatik sei dira Euskal Herritik kanpokoak. Era berean, bertako taldeek ere izango dute jaialdian jotzeko aukera: “Etxeko taldeei bere lekua eman gura izan diegu”, adierazi du Correak.

Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak KOBA Livek herriari eskaintzen dion “musika kolore desberdin eta aberatsa” azpimarratu zuen agerraldian: “Urte osoan musika estilo ugari entzun ditzakegu Abadiñon, eta KOBA Livek kolore berezien sorta horri, metala eta bere aldaerak lako estilo bereziak gehitzen dizkio”. Gaineratu zuen, Abadiño “Bizkaitik kanpo ezagutzera emateko, eta mapan jartzeko aukera ona” dela KOBA Live.

Jaialdiaren inguruko xehetasunak

Antolakuntzatik gogoratu zuten, aurreko urteetan legez, puntu morea jarriko dela jaialdiak iraungo duen egunetan. Horrez gainera, mugikortasun urriko pertsonek kontzertuez gozatzeko gune bat izango dute. Oraindik ere sarrerak geratzen direla gogoratu dute, mota bi daude: bi egunetako bonoa (50€-an) eta egun bakarrekoak (barikukoak 25€ balio du; zapatukoak, 35€).