2023-2024 ikasturtea amaitzear dago eta Gazte Foroak urtean zehar landutako proposamenak aurkeztu dizkio Udalari. Besteak beste, gazteen parte-hartzea sustatzeko diseinatutako kirol-txapelketak, udarako antolatutako kontzertuak, sexu-hezkuntza sustatzeko programa bat eta sukaldaritza multikulturalari buruzko tailerrak nabarmentzen dira.
Gazte Foroa udal bizitzan haur eta nerabeen partaidetza eraginkorra sustatzea helburu duen ekimena da. Proiektu hau Oinherri eta Haur ekin programen barruan kokatzen da, eta Durangoko Udala programa horiei atxiki zitzaien 2020ko urrian, eskubide osoko eragile gisa haurren eta gazteen herritartasun aktiboa sustatzeko helburuarekin. Aurtengo ikasturteari dagokionez, 15 kideko talde bat sortu da, 14 eta 16 urte bitarteko gaztez osatua; zehazki, 7 neskak eta 8 mutilek osatzen dute.
Espazio honetan parte hartzen duten ikastetxeak Nevers Ikastetxea, San Antonio, Kurutziaga Ikastola, Durangoko Institutua eta Durango Jesuitak dira. “Gazte Foroa egitura parte-hartzailea da, Durangoko nerabeei tokiko administrazioan ahots aktiboa izateko aukera ematen diena. Durangoko Udalaren helburu nagusia da nerabeek udal-bizitzan modu egonkorrean parte har dezaten lortzea”, adierazi dute udaleko arduradunek.
Gazteen beharrak
Foroaren saioak hilean behin egiten dira, gutxi gorabehera 2 orduko iraupenarekin eta ikasturte honetan, gazteek hainbat proiektu garatu dituzte. Guztien artean, kirol-txapelketak, kontzertuak, sexu-hezkuntza sustatzeko programa bat eta sukaldaritza multikulturalari buruzko tailerrak proposatzen dira eta joan den maiatzaren 30ean Udaleko ordezkariei aurkeztu zitzaizkien. Zentzu horretan, udalak lehen urratsak eman ditu aurkeztu dituzten ekimenei erantzuna emango dieten jarduerak abian jartzeko, eta egindako aurrerapenen berri emango du Gazte Foroarekin egingo dituen hurrengo bileretan. “Proiektu hauek Durangoko Udalaren 2024rako aurrekontu partehartzaileetan ere proposatu dira, horrela, udal politikak planifikatzeko eta gauzatzeko gazte ahotsaren garrantzia erakutsiz. Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu ekimen hauetan parte hartzera, gazteek udal-bizitzan duten ahotsa indartzeko”, aurreratu dute udal gobernutik. Izan ere, espazio honek haur eta udal sailen arteko kontsultarako eta harremanetarako gune bat sortzea eta mantentzea ahalbidetzen du, Durangoko gazteei eragiten dieten arazoei buruzko hausnarketarako eta eztabaidarako gunea bilakatuz.