Zelaietako 16 urtetik gorako 653 pertsonak, hau da, % 27,32ak, hartu zuten parte maiatzaren 6tik 12ra bitartean Abadiñoko Udalak auzoko kaleetako mugikortasunari buruz egindako herri kontsultan. Beraz, emaitza loteslea izango da. Galdeketa horretan, auzoan ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa zelan antolatu behar den bozkatu ahal izan zuten herritarrek.

Zehatzago, Zelaietako mugikortasuna aldatzeko herritarren parte-hartzearekin prestatutako bost proposamen bozka zitezkeen. Hauek dira bost aldaketa proposamenak: 1) N-636 errepidearen tarte batean beste biribilgune bat eraikitzea, norabide guztietara joatea ahalbidetuz; 2) Iturritxoko hegoaldea noranzko bikoitzeko bide bihurtzea, barruko trafikoa ahalbidetzeko; 3) bizikletan edo patinetean ibiltzeko espazio segurua izatea, baina ordu jakin batzuetan ibilgailuen zirkulazioa baimenduz; 4) Trinketeko aparkalekua antolatzea eta trafikoa berrantolatzea oinezkoentzako eremuak eta ibilgailuen zirkulazio-bideak argi eta garbi seinaleztatuz; eta 5) Ferialekutik Trinketera jaisten den kalean noranzko bikoitza baimentzea, Solozabaletik Ferialekura doan kalea trafikoari itxiz.

Une honetan, udal arduradunak hautestontzietan jasotako datuak biltzen eta aztertzen ari dira, herritarrei bozketaren emaitza zehatzen berri emateko. Emaitza horiek bost proposamenetako bakoitzarekin dute zerikusia, eta astean zehar jakinaraziko dira.

“Herritarren parte-hartzea eta inplikazioa eskertu gura dugu. Hau izan da Abadiñon egin den lehen herri-galdeketa, eta jendeak eman duen erantzuna ikusita gobernantza estilo irekia​goaren hasiera izatea espero dugu, herritarrek parte-hartze zuzenagoa izateko tresnak eskainiz”, nabarmendu du Mikel Urrutia alkateak.