Síguenos en redes sociales:

Green Series zirkuituko egoitza izango da Abadiño igandean

Larunbat eta igande honetan, maiatzaren 4an eta 5ean konkretuki, goi mailako txirrindularitzaz gozatu ahal izango da Abadiñon, bertan ospatuko baita UCIren egutegian dagoen Green Series zirkuitua bigarren urtez jarraian.

Igande honetan, maiatzak 5, Mountain Bikeko Green Series UCI XCO zirkuituko 4. proba hartuko du Abadiñok. Bigarren edizio hau hazi eta indartu egin da, Mountain Bike Cross Country Olinpikoa Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI) egutegiaren barruan dagoelako. Gainera, gaur, larunbata, gazteenen txanda izango da Mini Green Series Udaberri Kopa Abadiñorekin.

Ikusleek, jauziak, peralteak eta gune teknikoak dituen ibilbide landuaz eta seguruaz gozatu ahal izango dute. Zirkuitua asko zaindu da, korrikalarientzat dibertigarria eta zaleek gozatzeko erakargarria izan dadin. EPR txirrindulari elkartearen eskutik, proba ikustera hurbilduko direnak gozatuko duten astebururako programak, federatutako kirolariak bakarrik lehiatu ahal izango diren MTBko lasterketak eskainiko ditu oso zirkuitu teknikoan.

Larunbatean jokatuko dira Mini Green Series Abadiñoko Udaberri Kopako saioak, eta igandean jokatuko da Green Series UCI Abadiño. Lehen lasterketa 9:15ean hasiko da 40, 50 eta 60 Masterekin. Irteera eta helmuga San Vicente galdategiaren aurrean egongo dira eta 500 metroko irteerako lehen arrapala gogorrarekin emango zaio hasiera probari. Korrikalariek batez besteko % 17ko malda, 4,5 km-ko luzera eta 180 metro positibo dituen oso zirkuitu tekniko eta biratuari egin beharko diote aurre, eta hiru eta bost itzuli artean eman beharko dizkiote, parte hartzen duten kategoriaren arabera.

Parte hartuko duten taldeen artean MTBko kadeteen “Cafés Dromedario Flotamet” taldea egongo da, Ion Sarasua entrenatzailearen zuzendaritzapean, Ipar eta Hegoi Arrinda, Markel Garitaonandia eta Ander eta Paul Mendizabal anaiekin, zortzi probek osatzen duten zirkuituko sailkapen orokorrean indartuta ateratzeko helburuarekin. Gainera, Master40 kategorian bertako hainbat korrikalarik parte hartzea ere aurreikusten da.

“Oso ekitaldi garrantzitsua da Abadiñorentzat, lehen mailako kirolariak hartuko ditugulako. Beraz, ikuskizuna bermatuta dago igande honetan bizikleta modalitate honetaz gozatzera hurbilduko diren guztientzat. Aurten, gainera, bi jardunaldi izango dira, larunbatean beheko mailak, umetxoak, kimuak eta umeak lehiatuko direlako, oinarrizko txirrindularitza sustatuz. Jende asko ari da proban lanean, beste urte batzuetako gogo berarekin eta lortutako esperientziarekin, eta eskertzekoa da izaten ari diren inplikazioa. Ikusleen aldetik eta kirol ekitaldi moduan arrakastatsua izatea espero dugu”, adierazi du Mikel Urrutia alkateak.

Antolatzaileek eta Abadiñoko Udalak lehiatzera edo proba ikustera hurbilduko direnen laguntza eskatu dute, eta ibilgailuak Trinketeko aparkalekuan aparkatzea gomendatu dute, zirkuitura oinez edo bizikletaz hurbilduz.

Gutx​i gorabeherako ordutegiak

Maiatzaren 4a

Mini Green Series Udaberri Kopa Abadiño 2024:

  • 14:00 – Izen-emateen irekiera/dortsalen banaketa
  • 15:30 – Zirkuituaren azterketa (10 minutuko iraupena)
  • 15:50 – 1. urteko umetxoak (15 minutuko iraupena)
  • 16:20 – 2. urteko umetxoak (15 minutuko iraupena)
  • 16:50 – 1. urteko kimuak (20 minutuko iraupena)
  • 17:25 - 2. urteko kimuak (20 minutuko iraupena)
  • 18:10 – Neskak: Umeak eta kadeteak “eskolak” (25 minutuko iraupena)
  • 18:15 – Mutilak: Umeak (25 minutuko iraupena)

Maiatzaren 5a

Green Series UCI Abadiño 2024:

  • 09:15 – 40, 50 eta 60 Master gizonezkoak
  • 11:15 – Kadeteak, 30 Master gizonezkoak eta kategoria guztietako emakumezkoak
  • 13:00etan – Elite eta 23 urtez azpikoa