Astelehen honetan, apirilaren 29an, abiaraziko da Ugao-Miraballesen birziklatzeari buruz informatzea eta sentsibilizatzea helburu duen kanpaina berria. Ekimen hau inguruko beste udalerri batzuetan garatu da jada.

Bi ingurumen-hezitzailek gure herria bisitatuko dute apirilaren 29tik maiatzaren 8ra bitartean, ugaotarrak birziklatzeko ohiturei buruz eta beste gai batzuei buruz informatzeko eta sentsibilizatzeko, hala nola zer frakzio birziklatzen duten eta zein ez, birziklatzeko zer zailtasun dituzten edo zer deritzoten hondakinak biltzeko zerbitzuei buruz.

Orain arte, kanpainaren lehen erdia bete da eskualdean. Guztira, Arakaldo, Zaratamo, Zeberio, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga eta Urduñako 668 pertsona informatu dira eta horietako 516ri inkesta egin diete.

Galdetutako pertsonen zalantza ohikoenen artean, ontzi arinen frakzioarekin lotutakoak nabarmentzen dira. Edukiontzi horretan plastikozko ontziak, brikak eta latak utzi daitezke:

  • Plastikozko ontziak: botilak, poltsak eta ontziak (jogurta, gurina), garbitzeko produktuak etab.
  • Metalezko ontziak: edari eta kontserba-latak, desodorante-potoak, metalezko tapak eta tapoiak.
  • Tetrabrikak, porexpanezko erretiluak, aluminio-papera, film gardena.​

Aldiz, ezin dira honako hauek utzi: Pertxak, plastikozko jostailuak, sukaldeko tresnak, biberoiak eta txupeteak, kafetegietako paperezko edalontziak, harategi eta arrandegietan erabilitako paper plastifikatua, tuperrak, aluminiozko kafe-kapsulak, plastikozko loreontziak, CD eta DVD kaxak, boligrafoak, zorrozkailuak, metxeroak.

Inkestatutako pertsonen artean zalantzak sortzen dituen beste hondakin bat, botilen kortxoa da. Hondakin organikoa da, eta edukiontzi marroira bota behar da.

Halaber, hondakin organikoen 95 ekoizle handi bisitatu dira, eta tailer didaktikoak eman dira eskualdeko ikastetxeetako 8 taldetan, 156 ikasle guztira.

Horrez gain, ingurumen-hezitzaileak hondakin desegokien maila erregistratuko dute, hau da, edukiontzietan oker utzitako hondakinen kopurua eta edukiontziak kanpotik gaizki erabiltzea. Hauek dira atzemandako gorabeherarik ohikoenak: 1) frakzio organikoko hondakinak plastikozko poltsetan uztea, poltsa konpostagarrietan utzi ordez, edota poltsarik gabe uztea; eta 2) paperezko edo kartoizko hondakinak plastikozko poltsetan uztea, edukiontzi horretan ez baita utzi behar papera edo kartoia ez den beste osagairik.

Kanpaina hau Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu du, Bizkaian hondakinen kudeaketa eraginkorra eta iraunkorra sustatzeko dirulaguntzak ematen dituen 2/2023 Foru Dekretuaren baitan.