Galdakaok eta Usansolok aste honetan aurkeztu dituzte ekainaren 26tik uztailaren 24ra bitartean garatuko diren udalekuak. Ohi bezala, 12 eta 16 urte bitarteko gazteei bideratuta egongo dira, eta guztira 120 plaza eskainiko dira (30 plaza txanda bakoitzeko). Goizez bakarrik (10:30etik 13:30era) edota egun osoa (10:30etik 16:30era) aukeratu ahal izango da. Bertan aisialdiko hainbat jarduera egiteko aukera izango dute, hala nola ginkanak, sukaldaritza-tailerra, eskulanak, igerilekura eta hondartzara irteerak, ur-jokoak...

Hauek dira ekainean eta uztailean eskaintzen diren 3 txandak:

  • 1. txanda: ekainaren 26tik 28ra eta uztailaren 1etik 5era (8 egun)
  • 2. txanda: uztailaren 8tik 12ra (5 egun)
  • 3. txanda: uztailaren 15etik 19ra eta uztailaren 22tik 24ra (8 egun)

Gazte bakoitzak txanda batean, bitan edo hirutan eman ahal izango du izena, maiatzaren 10era arte. Guztira 120 plaza eskaintzen dira 4 topaguneetan egingo diren udalekuetarako (30 plaza bakoitzean): Aperribai, Indarra (Urreta) eta Plazakoetxe Galdakaon, batetik, eta bestetik, Usansolon. Izen emateak plaza kopurua gainditzen badu, zozketa egingo da maiatzaren 13an Torrezabal Kultur Etxean.

Gazteak beste lagun batzuekin joan daitezen errazteko, eta balizko zozketa batean baztertuta gera ez daitezen, banakako inskripzioez gain, 2 edo 3 pertsonako taldeetan eman ahal izango da izena, eta zozketetan talde horiek errespetatuko dira. Zozketaren emaitzak Udalaren webgunean eta Torrezabal Kultur Etxean ezagutu ahal izango dira maiatzaren 15etik aurrera.

Lehen txandan edo hirugarrenean izena ematen duenak 45 euro ordainduko ditu; bigarren txandan izena ematen duenak, 30 euro. Txanda batean baino gehiagotan izena emanez gero, bakoitzaren batura ordainduko du. Prezio horiei hobariak aplikatu ahal izango zaizkie diru sarreren arabera. Ordainketa egiteko, Galdakaoko Udala onartutako pertsonekin harremanetan jarriko da kontu zenbaki bat emateko.

Izen ematea online bakarrik egingo da Udalaren webgunetik. Hala ere, zailtasunik izanez gero, hitzordua eskatu ahal izango da 944010528 telefonoan (Kultura eta Gazteria Saila), arloko langileek eskaera behar bezala egiteko laguntza eman diezaien.