Apirilaren 20an ospatuko du Ugaok bi hilean behin ospatuko den 'Familia Olgetan' programaren lehenengo edizioa. Familia osoak parte hartu eta gozatzeko jolasgune bat sortzea helburu duen ekimena Jane Jauregiko atikoan egingo da, eta bertan gurasoek euren seme-alabekin eskulanak, jokoak edota entretenimenduzko beste jarduera asko egin ahal izango dituzte, esaterako 'Margotu zure zeramika' izeneko tailerra. Ekimen hau Udaleko haur eta gazteentzako zerbitzuek abiarazi dute.

Familiak beren aisialdiaren protagonista bihurtzea eta aisialdia partekatzeko jarduera dinamikoak eskaintzea dira programak lortu nahi dituen helburuetako batzuk. Giro atsegina eta ludikoa eskainiko da, parte-hartzea, lankidetza, elkartasuna eta ikaskuntza bultzatuko dituena, eta parte-hartzaileek beren sormena eta irudimena garatu ahal izango dute, euskararekiko sentsibilitate berezia erakusteaz eta eskolatik kanpo gure hizkuntzaren erabilpena sustatzeaz gain.

Eskariaren arabera, gehienez 30 lagunentzako edukiera aurreikusten da, 4 eta 11 urte bitarteko haur eta helduentzat. Saioak goizez izango dira eta ordubete iraungo dute, 11:00etatik 12:00etara eta 12:30etik 13:30era. Izena emateko epea apirilaren 17ra arte dago zabalik Jane Jauregian, aurrez aurre, telefonoz edo posta elektronikoz.

Gainera, modu naturalean, "Familia Olgetan" ekimenak udalerriko dinamizazio soziokulturalean inplikatuko ditu familiak, beren jarduerak kanpora zabalduz eta familien arretan gero eta dinamikoagoa eta aktiboagoa den hiribildu baterantz errotzea sustatuz.