Apirilaren 12an, Bultzatu Fundazioaren BAT programak dituen mendeko pertsonentzako laguntza teknikoei eta laguntza gailuei buruzko bi tailer egingo dira Abadiñon. Saioak Txanporta Kultur Etxean 17:00etan eta Errota Kultur Etxean 18:30ean izango dira eta Ines Venero, Bultzatu Fundazioko presidente, farmazialari eta ortopedian adituak emango ditu.

Pasa den hilabetean Abadiñoko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu zuen Bultzatu fundazioarekin, udalerrian Laguntza Teknikoen Bankua (LTB) proiektua abian jartzeko. Besteak beste, mendekotasuna duten edo mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat gurpil-aulkiak, taka-takak, garabiak edo ohe artikulatuak mailegatzeko zerbitzu solidarioa da.

"Zerbitzu berria da, eta seguru gaude pertsona askorentzat baliagarria izango dela. Horregatik, ardurapean mendeko pertsonak dituzten familiak informazio-saio horietara joatera animatzen ditugu, zerbitzuak zer eskaini dezakeen eta zelan funtzionatzen duen jakiteko", azaldu du Edurne Maguregui Gizarte Ongizateko zinegotziak.

Proiektua baliabideen aprobetxamendutik eta ideia sinple batetik abiatu da: erabiltzen ez diren laguntza teknikoak biltzea eta behar duenaren eskura jartzea. Horrela, elkartasuna, baliabideen aprobetxamendua eta erabilera zirkularra sustatzen dira. Hala behar duten pertsonek Bultzaturen laguntza eskatu ahal izango dute udal-bulegoetan eta gizarte-laguntzailearen bitartez. Ondoren, fundazioa familiekin harremanetan jarriko da ebaluazioa egiteko eta, hala badagokio, eskatutako laguntza emateko.

Bultzatuk etxean erabiltzeko (ohe artikulatuak, garabiak, eskaren kontrako koltxoiak etakuxinak, higiene-aulkiak...), etxeak egokitzeko (eserleku birakariak, barandak, altxatzeko konoak, mugimendu-sentsorea duten alarmak…), mugitzeko (gurpil-aulkiak, taka-takak, makuluak…) eta zaintzaileentzako (mobilizazio-bandak, oinarri irristagaitzak, kuxin birakariak…) laguntza-artikuluak ditu.