Abadiñoko Udalak herriko bide publikoei buruzko azterketa tekniko bat egin du eta administrazio-prozedura bat prestatu du bide horien inbentario ofizial eguneratu bat izateko zeinarekin argitu bide horien titulartasunari buruzko zalantzak.

Bai prozesuaren memoria, bai ikertzen ari diren udal-titulartasuneko bideak identifikatzeko dokumentazioa, eskuragarri daude udal-webguneko “Landabideak” atalean. Atal horretan aurkitu daiteke lanaren memoria orokorra, eta kontsultatu eta jaitsi daitezke landabideen fitxak eta kartografia zabal bat mota biko bidetan banatua: landabide publiko nagusiak eta bigarren mailakoak, eta antzinako landabide publikoak. Dokumentazio hori guztia jendaurrean jarrita egongo da apirilaren 23a arte, eta ondoren hilabeteko epea egongo da alegazioak aurkezteko.

Herritarrok izan ditzakezuen zalantzak argitzeko, hitzorduak eskatzeko zerbitzu bat atondu da. Hitzorduak aurrez aurre eskatu ahal izango dira Herritarrentzako Arreta Bulegoetan, edo telematikoki helbide honetara idatzita: haz@abadiano.eus​. Kasu bietan, eskatzaileak datu hauek adierazi behar ditu: izen-abizenak, NAN, zein bideren gaineko informazioa nahi duen, emaila, harremanetarako telefonoa, eta ordu-tarte bat hitzordua egiteko (hitzorduak goizez egin daitezke —09:00-14:00— zein arratsaldez — 16:00-20:00—). Hitzordua eskatzeko azken eguna apirilaren 19a izango da, eta hitzorduak alegazio epean tramitatuko dira, ahal dela epe horren lehen erdian.

Landabideak gatazka-iturri izaten dira batzuetan, eta askotan udal-zerbitzu teknikoek ez dute izaten administrazio-tresnarik arazo horiek konpontzeko, ez jakiteko zein bidezatitan daukan Udalak eskumena. Horregaitik, Udalak eskatu zion enpresa espezializatu bati (Ingeniería Fuerte S.L.ri) presta zezala erreferentziazko dokumentu bat Abadiñoko bide publiko guztien titulartasunari, eskubideei eta erabileren ordenantzari buruzko datu eguneratuekin.